Oñatiko berbaldian, EH Bilduren bilakaeraz aritu zen Otegi. Alde sozial eta nazionaletik begiratu zion orainari eta etorkizunari. Erabakitzeko eskubidea, ezkerreko subiranismoa, bakegintza, memoria, gatazka, Katalunia… izan zituen aztergai.
"Ahalegina egin genuen indarrak metatzeko, ze EH Bildun badaude oso kultura ezberdineko herritarrak. Une honetan, gauza asko daukagu egiteko: urrats berriak ibilbide nazionalean, baita eredu sozialari dagokionez ere, eta proiektu nazionala ardatz bezala berreskuratu beharra", esan zuen.
Politika "berreskuratu"
Gizartea lozorroan bezala, motel, ikusten duen edo ez galdetuta, zera esan zuen: "Borroka fase luze baten ostean, atseden fase baten egongo bagina bezala ikusten dut gizartea. Despolitizatuta. Eta hori luxu bat da. Proiektu nazional askatzaile baten aldeko apustutik etorri behar da berriro politikari indarra ematea".
Kataluniako prozesuaren eta burujabetzaren gainean, Espainia "proiektu bezala erakargarria ez" dela eta Katalunian egin duten moduan, hemen ere indar abertzaleek ideia hori "saldu behar" dutela adierazi zuen, gogora ekarriz Katalunian duela 20 urte independentziaren aldekoak %8 zirela eta gaur egun %48.
Gatazkaren ondoriozko biktimez ere jardun zuen Otegik. "Biktima guztiendako erreparazioa eskatzen dugu. Guztiendako. Elkarbizitza eraikitzen da egi guztiak mahaiaren gainean utziz” esan zuen.
Beste solasaldi bi Oñatin
Oñatin beste bi solasaldi antolatu ditu EH Bilduk.
Martxoaren 14an, pentsioen gainekoa, Larraitz Ugarte legebiltzarkidearekin eta Helena Franco Ogasun eta Finantza diputatu ohiarekin.
Eta martxoaren 27an eredu energetikoaren gainekoa, Mikel Otero eta Dani Maeztu EH Bilduren legebiltzarkideekin. Biak, 19:00etan, Santa Ana antzokian.