Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan aurkeztutako kanpaina hori ez dela ohiko kanpaina bat aurreratu zuen Markel Olano diputatu nagusiak "guztion konplizitatea" bilatuko duelako: "Urrats bat gehiago eman eta agerian utzi gura da, Gipuzkoan, emakumeen eta gizonen artean dagoen desoreka nabarmena".
Datuetan oinarritu dute kanpaina, bereziki, lan eremuko eta kontziliazioaren esparruko datuetan, eta Gipuzkoako "egoera desorekatuaren" lehen erretratua diputatu nagusiak berak eman zuen: "Soldata-arrakalarena da desberdintasuna nabarien erakusten duen datuetako bat". 2016 urtean emakumeen bataz besteko urteko soldata 21.019 eurokoa zen eta 28.194 eurokoa gizonena. Eta 2005 eta 2016 urteen artean 5,4 puntutan murriztu da arrakala. Olanorentzat, "argi dago arrakala murrizten jarraitzeko lanean jarraitu" behar dela eta aldaketak datozela aurreratu zuen: " Aldaketa kultural baten aurrean aurkitzen gara, ohituren aldaketa bat, lanean, familian eta gizartean".
Kontziliazio erantzunkidea
Kontziliazio erantzukidea da aldaketarako gakoetako bat Aldundiko ordezkarien esanetan, eta hori da Etorkizuna Eraikiz dinamikaren ardatzetako bat, bizitza laboral eta familiarraren arteko orekan eragin nahi duena, lanaren antolaketan eta kultura aldaketan eragiteko.
2016ko datuen arabera, emakumeen %93k eskatu dituzte haurren zaintza burutzeko eszedentziak eta %83,2ak familia-kideak zaintzeko. Etorkizunera begira, diputatu nagusiak garrantzi handia eman die bi aspektu horiei: "Indarrak batu ditugu etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko, eta legealdi honetan, kontziliazio erantzunkidea bultzatzeko 30 esperientzia pilotu jarriko dira martxan enpresetan". Eta Berdintasun Organoak bere aldetik abian jarri du Kontziliazio Erantzukideko plana.
Datuak jasotzeko kanpaina abian
Kanpaina dagoeneko martxan da eta martxoaren 20an Gipuzkoa.eus web orrian atal bat bideratuko da datuak jasotzeko. Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasuneko Organoaren zuzendariak, Miren Elgarrestak, hiritar guztiak animatu ditu beren ikuspuntua eta datuetan oinarritutako esperientziak kontatzera, ondoren sare sozialetan partekatzeko; #future5050 traola erabiliko da horretarako. Kanpaina guztiaren berri honako helbidean jaso dute: Gipuzkoa.eus/future5050