Itziar Bastarrika: "Emakume musulmanek zapalketa bikoitza jasaten dute"

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko mar. 10a, 09:00

Gizarte Hezitzailea da ikasketaz, baina argazkilaritzan ere hezia da. Ikus-entzunezkoen alorrera eroan zuen horrek. Oñatiko Ilunpetan Argazki taldeko kide. Bideak gurutzatzen izeneko dokumentala egin du, Iratxe Esnaolarekin batera, Debagoieneko emakume musulmanen gainean.

Zer islatu nahi izan duzue Bideak gurutzatzen ikus-entzunezkoan?
Enkarguz jaso genuen lan honetarako proposamena. Eskualdeko emakume musulmanak dira protagonista eta haien egoeraz, bizipenaz, iritziez… dihardu. Iratxe Esnaolaren eta nire neure esku hartzeaz harago, haiek nahi izan dutena kontatu dugu. Gidoia, parte hartze prozesu baten osatu da. Emakume musulmanek zapalketa bikoitza jasaten dute. Gure artean bizi dira, gure parte dira, baina ez ditugu ezagutzen. Oso errealitate ezberdinak bizi ditu bakoitzak, guk denak zaku berean sartu arren. Hori da lehen arrazismoa.

INME Arrasateko emakume musulmanek eskatuta egin duzue lana. Zergatik egin nahi zuten ikus-entzunezkoa?
16 urte eta gehiago daroate hemen, baina gaur egun, oraindik ere, errealitatea da haien lagunak direla haien jatorri berekoak. Edota beste kolektibo batzuetako etorkinak. Dokumentalean agertzen diren zortzi emakumeetatik gehienak arrasatearrak dira, baina beste hainbat emakume musulmanek ere hartu dute parte, eskualdeko beste herri batzuetakoak, baita beste jatorri batzuetako emakumeek ere, latindarrak, esaterako.

Modu askean kontatu dituzte bizipenak?
Bai, bai, gure esku hartzea oso txikia izan da. Eta emakumeek ez dute kontatu nahi izan ez dutenik. Kontatzeko zuten hori azaleratzea izan da asmoa. Aldez aurreko batzarretan adostua izan da. Polita izan da ze, kasu batzuetan, ez zuten elkar ezagutzen. Oso prozesu aberatsa izan da. Kolektiboa ezagutzeko modu bikaina. Eta nik neuk, eztabaida eta solasaldien bidez, haien errealitatera gerturatzeko aukera izan dut. Dituzten mugak gainditzeko modu bat izan da ikus-entzunezkoa.

Kolektiboari buruz zeneukan ikuskera aldatzeko balio izan du lanak?
Bai. Hasieran, proiektua aurkeztu zidatenean beldurra sentitu nuen, lurralde ezezagun baten sartzen nintzelako. Konturatu naiz, arrazismo kontuetan zenbateraino uste dugun jantziak gaudela, baina benetan oker gaudela. Besteak, ezberdinak, ikusteko modua garbitzeko balio izan dit niri eta, haientzako, dituzten mugak gainditzeko modu bat izan da ikus-entzunezkoa.

Zeri buruz dihardute kamera aurrean?
Haien errealitateaz eta egunerokoaz: zerk bultzatu dituen haien herrialde ixtera; zerekin egiten duten topo hemen; hemengo bizitza zelakoa den, ze behar eta amets dituzten…

Estetikoki, nolakoa da ikus-entzunezkoa?
Testigantzetan oinarritutako lana da. Bi zatitan banatu dugu eta bi zati horien artean musika sartu dugu. Beste barik. Ez dauka bestelako apaindurarik. 40 minutukoa da, baina arin ikusten da. Hizkuntza nagusia gaztelania da, baina bada euskaraz diharduenik, eta euskarazko azpi-tituluak ere baditu. Gustura geratu gara, baina prozesu baten parte bat da dokumentala. Emakume hauen errealitatea gizarteratzea da azken helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak