Zuhaitz Azoka eta zuhaitz landaketa izan dituzte aste bukaeran Oñatiko Ingurumen Jardunaldien barruan. Zortzi saltzaileak osatu zuten zapatuko Zuhaitz Azoka, horietatik hiru Oñatiarrak. Martxoko bigarren zapatuan egiten den azoka berezia egonkortutako hitzordua dela esan du Natur Eskolako Imanol Biainek eta salmentak, aurten, politak izan direla.
Atzo, domeka, zuhaitz landaketa egin zuten oñatiarrek kanposantu alboko maldan. Malda hori egonkortasuna emateko asmoarekin egin dute landaketa. Haritzak, haltzak eta gereziondoak sartu dituzte. Guztira, 90 bat zuhaitz. 30 bat lagun aritu ziren landaketa lanetan.
Aretxabaletan ere Zuhaitz Eguna
Aretxabaletan ere Zuhaitz Eguna egin dute domekan. Taldea 11:00etan elkartu zen Ibarra kiroldegian eta Basabeazpiko, Almengo eta Kurtebarriko ikasleek hartu zuten parte landatze lanetan. Aurreko urteetan moduan, Landaketa Taldie eta Makai Basogintza ibili dira koordinazio lanetan.