Kontsulta epea bukatuta, epailearen esku dago Edesa Industrialeko eta Geyser Gastecheko langileen etorkizuna. Edesako zuzendaritzak eta langile batzordeak ez dute kaleratze espedientearen bueltako akordiorik erdietsi. Dena den, Edesak jakinarazi du Euskal Herrian lanpostua mantentzea ekarriko luketen proiektuak aztertzeko prest segitzen duela.
"Langileentzat baldintza egokienak bilatu izan ditugu beti; eta berdinean darraigu. Modu berean, lanpostuen mantentze partziala edo osoa ekarriko luketen egitasmoen tramiteak egiteko prest azaldu da Konkurtso Administrazioa. Baina, gaur artean, ez dugu baldintza horiek bete dituen proposamenik jaso", azaldu du Edesak.
Bestalde, iragarri du "kostuen" eta "globalizazioaren" eraginez ezingo duela jarduera industriala orain arte moduan mantendu. Eta argitu du konkurtso-prozedurari jarraiki salduko dituela "jarduerarekin segitzeko beharrezko ez diren zenbait aktibo".
Akordio faltaren arrazoiez mintzo, sindikatuak eta "proiektu sendoen" gabezia aipatu ditu Edesak: "Lanposturen baten iraungitzea ekarriko zukeen akordiorik ez onartzeko asmoz jardun dute sindikatuek. Eta, bestetik, ez dugu lanpostuak mantenduko zituzkeen eskaintza sendorik jaso".