Asteon, agerraldia egin dute Edesa Industrialeko eta Geyser Gastecheko langileek, euren egoeraren berri eman guran. Eta enpresako zuzendaritzaren jarrera salatu dute, besteak beste. Euren esanetan, proiektu industriala alboratua du Jorge Parladek, CNA Cata enpresako jabeak –gaur-gaurkoz, horren esku dago Edesa Industrialen kudeaketa–. "Badirudi balizko proiektuak garatzea ekiditeko ahaleginean diharduela", azaldu du Rikardo Perezek, Enpresa Batzordeko bozeramaileak. Hain zuzen, eguaztenean bukatu zen kontsulta epea; langileen eta enpresako zuzendaritzaren elkarrizketarako tartea izan da azken hilabeteetan. Eta, orain, konkurtsoko epailearen esku dago euren etorkizuna. Adibidez, hari dagokio exekuzio epea zehaztea.
"Kontsulta epea hasita, isilik egotea erabaki genuen, jarduerarekin jarraitzea ahalbidetuko luketen inbertsoreen sarrera erraztuko zuela esan baitzigun zuzendaritzak. Dena den, uko egina dio horri. Gezurretan jardun du, beste behin", salatu du Perezek. Haren esanetan, Fagorren aktiboak bereganatzea da CNA Cata enpresaren asmoa: "Enplegurik sortuko ez duen plan komertzial batean dihardute tematuta, bestelako irtenbiderik ez balego bezala. Aitzakia horren pean, balizko inbertsoreak uxatu dituzte. Hori ez da onargarria".
Hori horrela, "desindustrializazioaren" konplize ez izateko eskatu diote konkurtso-administratzaileari. Eta azaldu dute balegokeela konfortaren alorra, linea zuria eta eltzeen gunea bere gain hartzeko interesa lukeen enpresarik. "Jarduera industrialarekin jarraitzea ahalbidetuko lukete inbertitzaile horiek", gaineratu du. Gaurgaurkoz, 160 langile ditu enpresak; eta horietako 138ren kaleratzea aurreikusten du espedienteak. "Finean, hainbat komertzial besterik ez litzateke geratuko", argitu du.
Zuzendaritzari egindako eskaria
Gauzak horrela, Edesa Industrial likidaziora eraman dezala eskatu diote zuzendaritzari. "Proiektu industrial berri bat martxan jartzeko borondate faltan, hori da har dezakeen erabaki onena", dio Enpresa Batzordeko bozeramaileak. Gaineratu duenez, horrek bide emango luke "proiektuan sinesten duen enpresa inbertitzaileak" ekoizpen unitatea bere gain hartzeko. Hori bai, onartu du likidazioa ez litzatekeela helburua, "bidea baizik".
Bestetik, Fagor Kooperatiba Elkarteari eta Mondragon Taldeari ere egin diote aipamen enpresako langileek. "Jakin badakigu bailara mailako proiektu industrialik barik, CNAk ez lukeela Fagor marka erabiltzen segitzeko eskubiderik izan beharko. Baina uste dugu bestelako kasuetan, marka utzi behar lukeela, zonan enplegua sortuko duen proiektu industrialari bide emanez", diote.
Bestalde, horri lotuta, berean segituko duela iragarri du Fagor Kooperatiba Elkarteak: "Ez dugu jarrera aldatu. Kasua aztertzeko prest izango gara, betiere, bideragarri diren egitasmoak aurkezten badizkigute".
Eta, esan moduan, Mondragon Taldeari ere egin diote eskaerarik langileek: "Bere kolaborazioa eskatzen dugu, proiektu berriak gauzatu edo lan barik gelditzen garenon birkokapena bultzatu dezan". Modu berean, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren "inplikazioa eta babesa" eskatu dute, "aktibitate industriala mantentzen eta enplegua sortzen duten proiektuei laguntza zein erraztasunak emateko".
Protesta ekimenak
Astean zehar hainbat elkarretaratze egin dituzte Fagor Industrialeko eta Geyser Gastecheko langileek; azkena, eguaztenean –kontsulta epearen bukaera egunean–, Garagartzako egoitzaren aurrean. "Bukaeraraino jarraituko dugu kaleratzeen bidegabekeria salatzen. Eta jada kalean geratu diren horien alde ere badihardugu borrokan", diote.