Hautsak harrotu ditu Ekai ondarrutarraren heriotzak. Transexual izateagatik jasaniko presioengatik, bere buruaz beste egin zuen 16 urteko gazteak. Bada, agerian gelditu da normaltasunaren bidean urratsak daudela egiteke. Horren inguruan jardun du Ixotz Louyest bergararrak; sexu identitatea burokratikoki zuzentzea erabaki zuen, eta atzera begira jartzea eragin dio Ekairi gertatutakoak.
Ekai 16 urteko gazte transexualak bere buruaz beste egin du Ondarroan.
Tristura handia eragiten du horrek; eta, agerian utzi, oraindik lan asko dagoela egiteke. Bere buruaz beste egitera iritsi izana oso larria da. Erabaki zaila, zinez. Finean, esan ohi da bizitzen ez segitzea dela errazena, baina ez da horrela, inolaz ere. Eta gertatutakoak agerian uzten du sexu identitatea burokratikoki zuzendu gura duena ez dela edonolako prozesuan murgiltzen. Nekeza da oso; eta gogorra, batzuetan. Ikerketen arabera, transexualen %41ek bere buruaz beste egitea pentsatu izan dute noizbait –hori, soilik ezagutzen diren kasuetan–.
Beraz, ez da kasu isolatua...
Ez. Eta horretan eragina du hainbat sektoreren pasibotasunak. Esaterako, oso garrantzitsua litzateke hezkuntza alorrean transexualon inguruan hitz egitea. Izan ere, baliteke klasean sexu identitatea burokratikoki zuzendu gura duen norbait izatea –etorkizunean, agian–. Beraz, transexualen bazterketa saihesteko balioko luke heziketak; edo murrizteko, gutxienez.
Baina ez da hezkuntza alorrera mugatu behar, ezta?
Inolaz ere ez. Osasungintzan edo administrazioan ere aldatu beharreko asko dago gaiari dagokionez. Tartean, esan dezakegu ez dela normala Nortasun Agirian sexu identitatea aldatu gura duenak horrenbeste itxaron behar izatea –iragazki asko pasa behar izaten dira–. Sekulako presioa eragiten du horrek.
Bada, zeuk noiz jakin zenuen mutila zinela?
Egia esan, ezin dut adin zehatz bat eman. Txikitatik sentitu izan dut neska rolen barnean deseroso nengoela. Geroago, amari azaldu nion gertatzen zitzaidana. Orduan jabetu zen hura. Dena den, adin txikikoa nintzenez, ezer egin aurretik itxarotea erabaki genuen. Ezkutuan nuen gordeta; oso gogorra izan zen, bizitzeko gogorik ere ez nuen une batzuetan. Azkenean, 18 urte beteta, neure bi lagun mini aitortzea erabaki nuen. Banekien onartuko zutela.
Eta ostean zer?
Ba, pertsona transexualen errespeturako eta integraziorako lanean diharduen Errespetuz elkartearekin jarri nintzen harremanetan. Orduan ikusi nuen nirea ez zela kasu isolatua. Eta fisikoki sexua aldatzeko prozesuari ekitea erabaki nuen. 23 urte nituen orduan.
Ingurukoek nola hartu zuten erabakia?
Kasuak kasu dira. Etxean babestu egin zuten erabakia. Eta denetarik topatu nuen gizartean. Dena den, esan beharra dut nik neuregatik hartu nuela erabakia; ez nuen egin gizarteak onar zedin. Finean, onartzen ez badu, gizartea da arazoa duena; ez neu. Izan ere, horrelako egoeretan jakiten da nor den benetako pertsona.
Gaur-gaurkoz, gaia naturaltasunez jorratzeko kapaz da gizartea?
Onartu beharra dut nabari dudala Euskal Herriko gizarteak irekiago diharduela gaur egun; gero eta indartsuagoa da gaiarekiko kontzientzia. Jende asko dabil gaia natural bihur dadin lanean. Hori bai, oraindik gertatzen dira Ekairena moduko kasuak. Beraz, gaur-gaurkoz, badugu zer egin. Horretarako, gauzak aldatu beharko dira hezkuntzaren, osasungintzaren... alorrean.