Aretxabaletako Arkupe kultura etxean eta Oñatiko gaztelekuan grabatu dituzte dagoeneko Goienak Debagoieneko ikastetxeen eta Udalen laguntzarekin antolatzen duen Kantari saioko kapitulu berriak. Bihar eta etzi, Bergarako Seminarixoa bihurtuko dute euskal kantuak oinarri dituen karaokearen plato.
Hiru herritako artistak
Bergarako, Antzuolako eta Elgetako neska-mutikoak izango dira oraingoan protagonista. Guztira, 258 gaztetxo izango dira oholtzaren gainean –Bergarako 196 lagun, Antzuolako 57 parte hartzaile eta Elgetatik bost gaztek osatutako taldea–. Ohi moduan, grabazio egunetarako dena prest izateko, aurreko asteburuan entsegu orokorrak egin zituzten Zabalotegi aretoan Aitor Agirianok eta Miren Ibabek gidatuta. "Oso ondo prestatuta daudela ikusi dugu entseguetan. Sekulako artistak daude Bergaran, Antzuolan eta Elgetan. Kantuak ondo prestatuta ekartzeaz gainera, koreografia oso landuak zituztela erakutsi ziguten; bitxikeria moduan, esan, askok gimnasia erritmikoan erabiltzen diren pausuak eta teknikak sartu dituztela koreografiatan, hortaz, txiri-bueltak, erruberak, eta horrelako hainbat ikusiko dituzue. Kantu zerrendari dagokionez, orain arte moduan, euskal kantu tradizionalak eta modernoagoak entzungo dituzue: Ilargia, Iñaki, Lazata, Euskaraz bizi nahi dut, Beldurrik ez, Aldapan gora...", kontatu du Aitor Agirianok.
Hamar telebista saio
Eguneko bost saio grabatuko dituzte, eta bi egunetan ordutegi bera izango dute grabaketek: 16:00etatik 20:00ak bitartean. "Apiriletik aurrera izango dira saio horiek Goiena telebistan ikusgai baina edonor etor daiteke Seminarixora grabaketak ikustera. Ez da ezer ordaindu behar eta ez da sarrerarik behar. Bide batez, biharko eta etziko parte hartzaileen guraso edo arduradunei gogorarazi gura diegu, astelehenean Whatsapp bidez jasoko dituztela asteburuan aterako ditugun argazkiak; eta modu berean jasoko dutela, saioak telebistan eskaini ondoren, saio osoa eta talde bakoitzaren bideoa ere bai".