Arizmendiko Ikasle Abertzaleek iragarritako mobilizazioen ataritan, Ikastolako zuzendaritzak ikastolaren jarrera garbi utzi nahi izan du.
Batetik, orain artean egindako lana defendatu dute: "Emaitza akademikoekin batera, handik eta hemendik jasotako sariak eta errekonozimenduak ditugu iraganean eta azken urteotan ondo egindako lanaren seinale". Honekin lotuta, gogora ekarri nahi izan dute Arizmendi izan dela "Leintz bailarako hezkuntza euskalduna asmatu, eraiki eta garatu duena".
Bestetik, otsailaren 22ko manifestazioan IAk "euren ikuspegi bakarra inposatu" nahi duela esan du ikastolak. Arizmendiko ikasleen greba araudia Ikasle Abertzaleek erabilitako "eskusa merkea" dela salatu dute; "gezurrez betetako aitzakia". Argudio hori indartzeko, Arizmendiko ikasleen ordezkariek bidalitako oharra gogorarazi dute. Izan ere, ikasleen ordezkariek salatu dute IA-ren aldarrikapenek ez dutela ikasleen gehiengoa ordezkatzen.
Ikastolako ordezkariek orain arteko eredua defendatu dute, eta Arizmendi Ikastolak "bereari eusten" jarraituko duela esan dute: "Pertsona, euskalduna, kooperatiboa eta konpetentea hezten laguntzea, Leintz bailarako eragile herritar, sozial, instituzional eta enpresarialekin lankidetzan". Esan dutenez, interakzio horretan dute etorkizuna, "totalitarioen gainetik".