Lau orduko lanuztea deitu dute ELAk eta LABek udal, foru aldundi eta mankomunitateetan

Miren Arregi Amasorrain 2018ko ots. 20a, 13:17

Otsailaren 28a da Udalhitz –Euskal instituzioetako langileen lan baldintzen akordio erregulatzailea– akordioa "ez dela betetzen" salatzeko ELAk eta LABek aukeratutako eguna. Abenduan eman zioten bi sindikatuek hasiera mobilizazio dinamikari eta horren baitan egingo da otsailaren 28 lanuztea. Gaur egin du LABek, lanuztearen berri emateko prentsaurrekoa, Bergaran.

Udalhitz da udal eta foru administrazioko lan hitzarmena. Hori, Eudelekin negoziatu eta adostu izan da eta azken hitzarmena 2008koa da, hasiera baten bi urteko iraupena izango zuena. "Azkena 2008an egin zen, (2008-2010 iraupenarekin), gerora honen luzapena eta etengabeko erasoa eta ez betetzea izan dugu. Gaiera, gure instituzioek ez dute berau betetzeko inolako borondaterik erakusten. Guzti honengatik, Udalhitzeko mahaitik altxatu gara", esan du Bergarako LABeko kide Aitor Arantzabalek.

Agerraldian salatu dutenez, azken urteetan "lanpostu ugari galdu" dira sektorean. Guztira 3.400. "Hutsik geratu diren lanpostuak bete gabe eta zerbitzu osoak pribatizatuz, administrazio paraleloa sortzen ari dira", gehitu dute. Gainera, betetzen diren lanpostuak "behin behineko langileekin betetzen" direla eta pribatizazioak langileen lan baldintzak okertzen dituela ere esan du Arantzabalek.

Ez hori bakarrik, LABeko kideek azaldu baitute, eremu publikoan jarraitzen duten langileen %36 behin-behinekotasun egoeran dagoela eta "Eudelek berak aitortzen duenez, Udalhitzen, %6ko tasa hitzartuta  dagoenean". Gainera, gehitu dute, "eros-ahalmena %10 baino gehiago murriztu" dela.

"Madrilen menpe"

Sindikatuak salatu duenez, "ez dago benetako negoziazio kolektiborik sektorean": "Madrilen menpean gaude, Madrilek agintzen du, praktikan Madrilek gobernatzen gaituela dirudi. Negoziatzen jarraitzea nahi dute, antzerkia luzatzea, bake soziala lortzeko. Eudelen esku eta bereziki bertako lehendakaritza duen PNVri dagokio joko zelai desberdina eraikitzea. Ez ditzatela adostu PP-rekin aurrekonturik, ez aurrekontu legerik edo eta gure sektorearen aurkatuko politikarik".

Egoera hori izanik, ELAk eta LABek elkarlanerako hitzarmena sinatu dute eta dei egin diete bertako erakundeei "ildo propio bat" jorra dezaten, herritarrei ematen zaizkien "zerbitzu publikoak bermatzeko eta hauek kalitatezkoak" izan daitezen. Horretarako, murrizketak politikak alde batera uzteko eta zerbitzu publikoetan lanean diharduten langileen lan baldintzak "hemen erabakitzea" ezinbestekotzat jo dute.

Sektoreko aldarrikapenak

Sektoreko aldarrikapenak zeintzuk ziren ere zehaztu dute prentsaurrekoan. Honela zenbatu dituzte; zerbitzua publikoak garatzea, suntsitutako enplegu publikoa berreskuratu eta egonkortzea; negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratzea eta galdutako eskubideak eta erosteko ahalmena berreskuratzea.

Lanuzterako deia

Hala, bi sindikatuek, udal, foru aldundi eta mankomunitateetan lan egiten duten langileei, otsailaren 28an lau orduko lanuztea egiteko deia luzatu diete. "Mobilizatuz, indarra erakutsiz, emango baitiogu buelta egoera honi".

Lanuzteak 11:00tik 15:00ra egingo dira eta arratsaldez lanean dihardutenek 15:00tik 19:00ra. 12:30ean, Donostian egingo da manifestazioa. Bailaratik, autobusak antolatuko dira.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak