Egunkaria-ren itxiera adierazpen askatasunaren eta euskararen aurkako ekintza izan zen, euskara hutsean idazten zen egunkari bakarra izanik. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen baimenarekin itxi zuen Guardia Zibilak, ETArekin lotura zuela argudiatuta. Egunkaria ixteaz gain, hamar langile atxilotu zituzten, Madrilera eraman eta inkomunikatuta egon ziren; zazpik torturak salatu zituzten.
Luze iraun zuen epaiketak, baina azkenean, 2010eko apirilean, Auzitegi Nazionalak absoluzioa eman zuen Egunkaria-ren kasuan.
12:00etan hasi da Martin Ugalde Kultur Parkean Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera gogoratzeko ekitaldia. Bertan batu dira hainbat euskaltzale, tartean Goienako zuzendari nagusia Iban Arantzabal izan da.
Ekitaldia zuzenean eskaini du BERRIAk. Hemen ikus daiteke:
Euskal Kazetarien Elkarteak eta Elkargoaren babesa
Komunikatu honen bidez, Egunkaria-ko kazetari eta langile guztiei babesa adierazi nahi izan diete:
"Gaur, 2018ko otsailak 20, hamabost urte betetzen dira euskal kazetaritza kolpatu zuen ekintza batetik: Guardia Zibilak ‘Egunkaria’ itxi zuenetik, hain zuzen. 15 urte dira, beraz, orduan euskaraz osorik sortu, ekoitzi eta argitaratzen zen egunkari bakarra itxi zutela. Urteek argitu dute, gainera, itxierak ez zuela inolako oinarri juridikorik izan eta ideologia zein hizkuntza-errepresioek bakarrik eusten zietela ekintza polizialari.
Urteak igarota, justiziak arrazoia ‘Egunkaria’ri eta bertako langileei eman badie ere, sortutako kalte eta minak ez du atzera bueltarik.
AVP-EKE eta CVP-KEEk babesa adierazi nahi diete ‘Egunkaria’ko kazetari, langile eta berauen senideei, jasandako guztiagatik: tratua, akusazioa, tortura, inkomunikazioa...
Gizarte demokratiko bat demokratiko izateko ezinbestekoak ditu informazio eta adierazpen-askatasuna.
Horregatik, Kazetaririk gabe Kazetaritzarik ez, Kazetaritzarik gabe Demokraziarik ez."