Berdinbidean programa hedatzeko lanean

Iker Oñate 2018ko ots. 15a, 17:11

Genero berdintasunerako politikak garatzeko egitasmoa aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lurraldeko udalerrietako 25 alkate bertaratu ziren hitzordura; tartean ziren Antzuolako eta Aretxabaletako alkateak.

Genero berdintasunera bidean urrats berria egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bada, lurraldeko 25 udalerritako alkateekin batzartu ziren Markel Olano ahaldun nagusia eta Miren Elgarresta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoko zuzendaria; horien artean ziren Antzuolako alkate Beñardo Kortabarria eta Aretxabaletako alkate Unai Elkoro. Besteak beste, 1.000 biztanle baino gutxiagoko herriei zuzenduriko orientazio zerbitzu berri bat aurkeztu zuten Aldundiko ordezkariek.

Zehatz esanda, egitasmoan murgildurik da Antzuolako Udala. "Berdinbidean egitasmoari baino gehiago, parekidetasunari ematen diogu garrantzia. Finean, berdinak gara guztiok. Eta ideia hori zabaltzea dagokigu", azaldu du Kortabarriak. Horretan lanean segitzeko konpromisoa berretsi du, beraz.

2010a ezkero martxan

2010ean jarri zuten martxan Gipuzkoa Berdinbidean egitasmoa. Eta hiru ardatz nagusiren bueltan garatu da: lan mintegi orokor, prestakuntza saioak eta banakako zein taldekako aholkularitza. Horren bidez, besteak beste, balioen aldaketa, emakumeen jabekuntza eta indarkeria sexista lan-ildoak eroan dira aurrera.

Esan moduan, egitasmoarekin urratsak egin gura dira berdintasunaren bidean. Hala, emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna lortzeko konpromisoa berretsi zuen Olanok. "Gipuzkoa pertsonon arteko desberdintasun gutxien duen lurraldea izatea dugu helburu, baita sexuen arteko baldintzari dagokionez ere". Eta horren bidean eginikoak ekarri zituen gogora: "Etorkizuna Eraikiz-en bueltan egitasmo ezberdinak jarri ditugu martxan, aitzindariak eta erreferente izan gaitezen berdintasuna bezalako arlo garrantzitsuenetan". Era berean, gogorarazi zuen Gipuzkoak duen "beste erronketako bati" ere erantzuten diola Gipuzkoa Berdinbideanek: "Proiektuak garrantzi handia du lurralde orekaren ikuspegitik, sarri, herri txikiek dituzten baliabide eta aukera ezari erantzunez".

Oro har, egitasmoak 10.000 biztanle baino gutxiagoko herriak ditu erdigunean. Eta berdintasun politikak garatzeko eta indartzeko laguntzarako tresna izan gura du, "beraien errealitatera moldatuz eta banakako berdintasunerako planifikazioak egiten lagunduz". Aldundiko ordezkarien esanetan, "berdintasun politikak eta ekintzak abian jartzeko zailtasunak dituzten herriak" lirateke horiek, batez ere, "giza baliabide faltagatik". Gaur-gaurkoz, 37 udalerrik dute bat eginda proiektuarekin –horietako hemezortzi azken urtean–. Hala, 60.000 biztanle inguruk ezagutu du Berdinbidean. Eta, horrekin ase barik, kopurua handitu gura du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Gauzak horrela, herri horien parte hartzea eskertu zuen Elgarrestak, lurraldeak berdintasunaren bueltan harturiko konpromisoaren adierazle dela azalduz. Eta horretan segitzeko eskatu die. Horrez aparte, aurrera begira ere jarri zen: egitasmo berriarekin bat egiteko eskatu zien bertaratutako 1.000 biztanle azpiko herrietako alkateei, "ahal duten neurrian", betiere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak