Plataformak iaz jarri zuen martxan gehiegizko klausulen kontrako kanpaina; batez ere, hipoteketan ezarritako epemuga aurreratuaren klausula, zoru klausula eta gastu hipotekarioen kontrakoa. Prentsa oharrean zehazten denez, plataformara jo duten gehienak arrasatearrak dira, eta kasu bakoitza prozesuko puntu ezberdinetan dago: tramiteetan, bankuekin negoziatzen, epaitegietan, etab.
26 espediente Arrasaten
Arrasaten pilatutako espedienteei dagokienez, hamaika Laboral Kutxari dagozkiola zehaztu dute, eta gainontzekoak Caja Duero, Kutxabank, Santander, BBVA, Caja Rural, Banco Popular eta Banco de Sabadell bankuenak.
Epaitegietara heldu diren kasu guztietan, epaia salaketa jarri duenaren aldekoa izan dela nabarmendu dute, eta beraz, epaiketa guztiak irabazi dituztela. Jakinarazi dutenez, epaitegiak kaltetuen aldeko sententziak ebatzi ditu "kontratu hipotekarioen gardentasun eza dela eta".
Debagoieneko Kaleratzeak Stop plataformak bikote baten kasua nabarmendu nahi izan du: "Zoru klausula dela eta, banku batek bikote bati bidegabeki kobratutako 11.000 euro itzuli behar dizkio. Beste 500 euro gastu hipotekarioen kontzeptuetan".
Legez besteko proposamena Eusko Legebiltzarrean
Euskadiko Stop Kaleratzeak bultzatuta, EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Dugu Euskadik Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako legez besteko proposamena onartu dela jakitera eman dute.
Onartutako legez besteko proposamenak hainbat konpromiso eskatzen dizkio Eusko Jaurlaritzari: "Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin eta Eudelekin 2013ko ekainaren 18n sinatutako lankidetza-hitzarmena, hobetu edo berriztatu dezala eraginkortasuna hobetzeko eta ustezko kalteberatasun-kasuak antzemateko. Euskadiko Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legea benetan eta guztiz garatzea, eskubide sozialetan sakontzeko mugarri gisa, Espainiako Gobernuari eskatzen dio har ditzala behar diren legegintza- edo administrazio-neurriak, bermatzeko, maizterrak aterarazteko prozesu judizialetan, demandatuek errekurtsoa jarri ahal izatea errekurtso horrek ahalbidetu dezan, Espainiako Gobernuaren aurrean defendatu dezala martxan jartzea oraingo Hiri Errentamenduen Legean behar diren aldaketak, eta urgente argitaratu dezala NBEren Eskubide Ekonomikoen, Sozialen eta Kulturalen Batzordearen 2017ko ekainaren 20ko irizpena, eta zabalki banatu dezala, formatu irisgarrian, herritarren sektore guztiengana hel dadin".