Ez da kontu berria hau. Izan ere, 2014an jaso zuen lehenengo diru laguntza Gipuzkoako Mendi Federazioak, eta 2015ean ere jaso zuen. 2016an, Foru Aldundiko gobernu aldaketa dela eta, ez zen diru laguntzarik izan –2015eko ekainean izan zen gobernu aldaketa–.
Orain, bi aldeek sinatu duten hitzarmenak ahalbidetuko du 2017-2020 epean Gipuzkoako Mendi Federazioak urtero diru laguntza bat jasotzea, aipatutako hamazazpi eskalada-guneetako eskalada-bideak berriro hornitzeko. Ion Agirre oñatiarra lan horiek egiten ibili da, Gipuzkoako Mendi Federazioarentzat lanean. "Orain arte egin duguna da, zehazki, eskalada bideetako aingura zaharrak kendu eta berriak jartzea. Izan ere, altzairuzko aingurak dira, eta, denborak aurrera egin ahala, erabilerarekin eta baldintza klimatologikoen ondorioz, hondatu egiten dira, herdoildu", adierazi du.
Guztira, 25.000 euroko diru laguntza emango du Gipuzkoako Foru Aldundiak, urtero, hamazazpi guneentzat. "Gipuzkoako Mendi Federazioak kudeatzen du diru laguntza, eta kontaktuan jartzen da bertako eskalatzaileekin. Haiekin adosten du zeintzuk diren behar gehien dituzten bideak, berritu beharrekoak. Horrez gain, aingurak gorago edo beherago jartzea komeni dela esan digute leku batzuetan, edota aingura berri batzuk jartzea. Holako aldaketatxoak ere egin ditugu", azaldu du Agirrek.
Oñatiarrak adierazi duen moduan, Araotzeko gunean orain arte hainbat aingura berri jarri dira, baina oraindik beste hainbat falta dira. Beraz, oraindik lana badagoela azpimarratu du. Araotzekoaz gain, Zazpiturri – Amezketa–, Txindoki eta Ausa Gaztelu –Abaltzisketa–, Saturraran eta Olatz –Mutriku–, Aizkorri –Andoain– eta Ezkue-Tximistarri –Pasaia– guneetan egingo dituzte mantentze-lan horiek aurten.
Geroz eta gehiago dira eskalada praktikatzen dutenak, eta Araotzeko gunea erreferentzia handia da. Agirreren esanetan, 60 erabiltzaile inguru ditu gaur egun gune horrek.
Federazioaren mezua
Gipuzkoako Mendi Federazioak mezu bat bidali die gune horietan eskalatzen ibiltzen diren guztiei. "Hutsen bat ezagutzen baduzu –egoera txarrean dagoen ainguraren bat, bloke ezegonkorren bat, eta bar–, berriro hornitzeko epean zehar konpontzeko, eskertuko genizuke gurekin harremanetan jartzea".