Lurraldeko lau unibertsitateekin hitzarmena berritu du Foru Aldundiak

Josu Bilbao Atxutegi 2018ko ots. 12a, 11:22

Akordio honi esker, UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Tecnunek lanean jarraituko dute Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan, "ikerketa, azterketa eta dibulgazio jardueretan".

Akordioak bi urteko iraupena izango du, eta Foru Aldundiak 1,2 milioi euro bideratuko ditu bertara. “Elkarlaneko gobernantza Etorkizuna Eraikiz ekimenaren ezaugarri nagusietakoa da; hau da, egiten duguna, denon artean egiten dugu”, gogoratu du diputatu nagusiak. Horrela, nabarmendu du akordio honi esker, Aldundia eta unibertsitateen bideek bat egiten dutela lurraldearen aldeko lanean, orain arteko egindako lana goraipatuz. Azaldu duenez, jakintza guneen ekarpena funtsezkoa izan da hainbat esperientzia piloturen garapenean, eta elkarlanak honek etorkizunean ere fruituak ematen jarraituko duela azpimarratu du.

Mondragon Unibertsitatea

Mondragon Unibertsitateak, bere aldetik, "lanean jarraituko du langileen partaidetzari lotutako ekimenetan", Aldunditik azaldu dutenez. "Alor honetan, behatokia jarriko du martxan, ikerketetan zehar lortzen diren emaitza eta ondorioekin Aldundiaren politika publikoak ondo enfokatzen lagunduko duena". Gainera, kooperatibek egungo gizartean jokatzen duten papera aztertuko du, eta baita Etorkizuna Eraikiz programaren esperientzia pilotuen jarduteko modua ere, "hauen eraginkortasuna hobetzea xede".

Vicente Atxa MUko errektoreak azaldu duenez, “Mondragon Unibertsitatea bat dator Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Etorkizuna Eraikiz-en helburuekin: Gipuzkoa lehiakorrago eta iraunkorrago bat garatzea eta Gipuzkoak bere erronkei aurre egiteko duen gaitasuna sendotzea”. Adierazi duenez, proiektuak identifikatu dituen erronkak bete ahal izateko “ezinbestekoa da enpresetan eta gure erakundeetan pertsonen konpromiso eta parte-hartzea indartzea”. Azkenik, errektoreak nabarmendu du unibertsitateak “bere egiten dituela Gipuzkoako Foru Aldundiko proiektu estrategiko guztiak, bereziki, energia eta mugikortasun jasangarria, zibersegurtasuna, langileen partaidetza enpresan, euskarazko ikus-entzunezko edukiak eta 4.0 gastronomia”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak