Aitor Arregi eta haren lan-taldea pozik dago Goya sarietan lortutakoarekin, baina nekatuta ere badaudela aitortu du Aitor Arregik. Aste honetan ez dute atsedenik hartzeko aukerarik izan. "Lainotik jaitsi gara, edo, akaso, jaisten ari gara oraindik. Hurrengo astean lan bat egin behar dugu bai edo bai, eta ez dugu astirik izan deskantsurako; Madrilgo zurrunbilotik beste batera pasatu gara".
Ilusio eta poztasun partekatua
Asko dira –ezagutu edo ez– Arregiri zoriontzera joan zaizkionak. "Ez dut apenas zapaldu herria, baina igarri dut jendearen maitasuna, eta eskerrak eman gurako nituzke erakutsitako gertutasunagatik. Eskerrik asko! Nabaritu dut jendeak jarraitu zuela gala; esan didatenez, tabernetan eta elkarteetan jendea isil-isilik zegoen ekitaldia ikusten. Gustura ikusiko nituzke une haietako irudiak".
Sarean ere irudi eta argazki bitxiak zabaldu dira egunotan; herriko txoko askotan eta herritar ezberdinen eskuetan ikus daiteke Goya saria. Semearen ikastolara eraman zuen Arregik buruhandia, eta okindegian topo egin zuten erosleek ere ukitu zuten. "Okindegiko gertaera polita izan zen. Kontua da ilobari eraman behar niola saria, baina ez zegoen etxean eta ogia erostera joan nintzen. Dendan denak zoriontzen hasi ziren, eta, euren sorpresarako, poltsatik atera nuen Goya, eta argazkiak atera genituen".
Erakundeen omenaldiak
Euskal erakundeek ere gura izan dute Handia-ren lantaldea zoriondu; martitzen goizean Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin elkartu ziren, Donostian. "Egun berezia izan zen martitzena; gustatu zitzaidan. Donostiako udaletxean prentsaurreko batekin hasi genuen, eta handik Foru Aldundira joan ginen. Aurresku bat egin ziguten; niretzako, behintzat, lehen aldia zen. Polita eta hunkigarria iruditu zitzaidan. Gora igo eta hitzaldi bat egin ziguten diputatuek; tartean, testu bitxi bat irakurri ziguten, orain dela 160 urte Altzoko erraldoia-k Foru Aldundiari egin zion eskaerari buruzkoa; detaile polita izan zen. Eta bukatzeko, txapel koloretsu eta berezi batzuk jantzi zizkiguten. Borja Cobeagak esan duen moduan, Loca academia de ertzainas ematen genuen".
Arratsaldean, berriz, Gasteizen izan ziren, Lehendakaritzan. "Hori ere kuriosoa izan zen. Argazkia atera genuen lehendakariarekin, eta gela handi baten sartu ginen gero, Kultura sailburuarekin eta lehendakariarekin. Esateko genuen guztia kontatzeko eskatuta, adi-adi jarraitu eta apuntatu zituzten gure eskaerak eta bestelako iritziak. Taldeak asko baloratu zuen keinu hori. Guk eskatu genien politika horrekin jarraitzeko eta, ahal bada, gehiago sakontzeko eta laguntzeko kultura arloan, uste dugulako marka bat dela eta zaindu beharreko funtsezko gauza bat dela".
'Handia' eta proiektu berriak
Ez da amaitu Altzoko erraldoiaren ibilbidea. Aretoetara eramango dute berriro. Oñatin, adibidez, otsailaren 16tik 18ra bitartean bost aldiz eskainiko dute, eta, hilaren 19rako, Arregirekin solasaldia antolatu dute, Santa Ana aretoan. Jaialdietan ere izango dira: Mexikon, Santa Barbaran, Errumanian eta Mexikon, besteak beste.
Proiektu berriak ere ate joka dituzte. "Iban Zalduaren Ama kontakizunean oinarrituta dago. Istorio indartsua da. Eta La trinchera infinita film luzea maiatzean hasiko gara errodatzen, gazteleraz, Andaluziako ekoiztetxe batekin elkarlanean".