Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren aldeko akordiorako oinarrizko txostena landu du Eusko Jaurlaritzak hainbat aditu eta sektoreko kideren artean. Zeu ere lantalde horretara gonbidatua izan zinen...
Prozesua aberasgarria izan da nire ustez. Aditu talde bat biltzea, ikuspegi ezberdinekin eta motibazio anitzekin…baina gai izan gara lerro minimo batzuk mahai gainean jartzeko, ezberdintasunak albo batera utzita… Hainbat bilera egin dira eta aukera izan dugu askatasunez eta zintzotasunez ekarpenak egiteko eta eztabaidatzeko, betiere hezkuntzaren kalitatea ardatz izanik.
Bereziki, zein lantaldean hartu duzu zuk parte?, zein alorretan eragin izan nahi duzue?
Hezkuntza sistemaren modernizazio lantaldean parte hartzeko aukera izan dut. Helburu nagusia izan da hezkuntza-sistemaren eraldaketarako oinarrizko printzipioak garatzea: irakasleen ahalduntzearen beharra eta irakasleen formazioaren hobekuntzarako gakoak identifikatzea, eta hemen badaukagu zer esana…Ikaskuntza ingurune berritzaileen markoa ezartzea erronka berriei erantzun ahal izateko; digitalizazio proiektu sendoak eraikitzea… Hau guztia bideratzeko beharrezkotzat jotzen da sistemaren egokitzapena.
Oinarrizko dokumentu horren emaitzarekin gustura? Etorkizuneko euskal hezkuntzaren oinarriak finkatu direla uste duzu?
Etorkizuneko oinarriak finkatzea ez da gai erraza…Hainbat gai daude gehiago eztabaidatu eta sakondu behar direnak, baina abiapuntu moduan, hezkuntza komunitatea debate serio batean murgiltzeko interesgarria dela iruditzen zait, eta behar beharrezkoa da hezkuntzaren bueltan eztabaida serioa bultzatzea eta gizarteratzea.
Ze premia dauka, gaur egun indarrean dagoen Hezkuntza Legeak?
Zentroen ahalduntzea, besteak beste. Zentroak esaten dudanean, irakasleak esan nahi dut, eta, jakina, ikaste prozesuen arrakasta bultzatzea. Berrikuntzaren unitatea zentroa bera da eta bertan dauden lidergoak eta motibazioak. Zentzu horretan, berrikuntza proiektuen garapenerako barne eta kanpo lankidetza sustatu beharra dago. Eremu honetan Unibertsitatearen laguntza funtsezkotzat jotzen dut.
Europako hezkuntza sistema aurreratuekiko, non dago euskalduna?
Nik pentsatzen dut orokorrean sistema on bat daukagula, eta ezagunak diren zenbait adierazle horrela adierazten dute; adibidez, eskola porrotari edo eskola uzteari dagokionez, Europa mailan ondo kokatuta gaude, Europako Batasunak 2020rako jarritako xedea kontuan hartzen badugu. Esate baterako, batxilergoa gainditu beharreko ikasleen kopurua edota unibertsitatera heltzen diren ikasleen kopuruak esanguratsuak dira. Baina iruditzen zait hobekuntzarako esparruak oso nabariak direla. Hala ere, ez zait gustatzen konparaketak egitea. Testuingurua eta balio kulturalak asko aldatzen dira herrialde batetik bestera; adibidez, Europako iparraldean jartzen dugu begirada askotan, baina beste mundu bat da: formaziorako baldintzak, gizartean errotuta dauden pentsamoldeak, besteak beste…oso ezberdinak dira; horrek guztiak eragin handia dauka hezkuntzan. Horrez gain, askotan PISA hartzen dugu erreferentzia moduan eta PISAtik harago jo beharko genuke balorazioetan, eta ikastetxe bakoitza bere testuingurutik ulertu eta interpretatu.
Hizkuntza bada hezkuntzaren aldagai bat: bermatzen da txostenean jasotakoaren arabera, etorkizunean, 18 urteko gazte euskaldun guztiek edo batez besteko handi batek, euskara, gaztelania eta ingelesa ondo menderatzea?
Txosten batetik jasotakoarekin zaila da bermerik aurreikustea. Ibilbide orri bat besterik ez da, eta gaiari seriotasunez heldu behar zaiola argi dago. Egia da herri honetan euskalduntze prozesua ikaragarria izan dela azkenengo hamarkadetan irakasleriari dagokionez, adibidez. Baina oraindik erronka handiak dauzkagu eta hor indarra eta baliabideak jarri beharko dira. Bestetik, azkenengo emaitzak ez dira batere onak, ikasleen arteko euskaren erabilerari dagokionez. Gizartea aldatzen den heinean, estrategia berriak eta balio proposamen aitzindariak jarri beharko ditugu joko zelaian, hizkuntzen irakaskuntza prozesuei dagokionez. Horrez gain, ikasle profila asko aldatzen ari da, eta horrek eragin zuzena dauka euskararekiko erakusten duen atxikimenduan. Lan handia daukagu. Tokatzen zaiguna da kalitatezko proposamenak eskaintzea unibertsitateetatik, eskoletatik eta administraziotik. Hau bai dela erronka kolektiboa.