Herriko borroka arteak indartzeko, batuta hobeto

Xabier Urtzelai 2018ko ots. 9a, 06:00

Aikido Arrasate, Judo Arrasate eta Kenpo Arrasate taldeak batu egin dira: "Herrian borroka arteak indartzea da helburu nagusia, eta oihartzun handiagoa izatea", adierazi zuen Jose Manuel Matasek eguaztenean egindako prentsaurrekoan.

Arrasateko borroka arteak lantzen dituzten hainbat taldek aurrerantzean eskaintza bateratua egingo dute, Arrasate Borroka Arte Eskola talde berria sortu dute eta. Hiru hamarkada baino gehiago daramatzate judoa, aikidoa edo kenpoa, besteak beste, herritarrei gerturatzen, eta horretan jarraitu gura dute, baina indar handiagoz: "Minoritario izateari utzi gura diogu. Badakigu beste kirol talde batzuk guk baino baliabide handiagoak dituztela, baina guk ere txukun entrenatu ahal izateko leku duin bat gura dugu", adierazi du Jose Manuel Matasek.

Taldeak batu izanak administratiboki hainbat abantaila ekarriko dizkie, baina ez hori bakarrik: "Herritarrei kirol eskaintza hobea egingo diegu, eta bakarra beharrean, hainbat borroka arte gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Izan ere, borroka arte batean izena ematen duenak aukera izango du hilean bi astez beste borroka arte bat doan praktikatzeko, eta, hilean behin, emakumezkoendako antolatuko dugun defentsa pertsonaleko ikastaroan ere doan parte hartu ahal izango du. Horrekin batera, guk geuk ere izugarri ikasiko dugu ondoan izango ditugun gainontzeko maisuei esker".

Ezkerretik hasita Iker Letona, Jose Manuel Matas eta Julio Gallego.

Askotariko zerbitzuak

Hala, borroka arteetan oinarrituta talde hauek herrian eskaintzen dituzten zerbitzuak azpimarratu ditu Matasek: "Gaztetxoekin terapia naturalak egiten ditugu, haur psikologia lantzen dugu, psikomotrizitatea, hiperaktibitatea... Horrekin batera, zailtasun fisikoak dituzten herritarrekin egiten dugu lan, droga arazoak dituztenekin, gaixotasun arraroak dituztenekin, defentsa pertsonala lantzen dugu...".

Balioak lantzen

Hiru maisuek azpimarratu dute egungo gazteekin lan egiterakoan balioetan oinarritutako hezkuntzan indarra egin behar dela: "Hutsune handia ikusten dugu hor, gazteek geroago eta balio gutxiago dituztelako, eta balio horiek beharrezko dituztela ikusten dugu, etorkizunean umiltasunez jardungo duten pertsonak izateko", dio Matasek. Eta Letonak gaineratu du: "Hemen egiten dugun lanaren gainean ezjakintasun apur bat ere badago. Jendeak uste du elkarri kolpeak emateko elkartzen garela, eta, hain justu, hemen irakasten duguna da nor bere buruaren jabe izaten, une oro kontrola mantentzen eta norberak izan dezakeen amorrua ondo bideratzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak