Prebentzioa, istripuak saihesteko ahaleginean

Iker Oñate 2018ko ots. 9a, 10:17

Ikus-entzunezkoa da saioaren bitarteko nagusia.

Auto istripuak saihestu guran, prebentzio saioekin dihardu herriz herri Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Egitasmoak 15 eta 19 urte bitarteko ikasleak ditu erdigunean. Arrasaten eskaini zuten, eguaztenean; gaur, egubakoitza, Eskoriatzan.

Debagoienera iritsi da zirkulazio istripuak saihesteko Zuk ez duzu ordezkorik prebentzio programa. Arrasateko ikasleek eguaztenean izan zuten saioa; eta gaur iritsi da Eskoriatzara. Hain zuzen ere, 15 eta 19 urte bitarteko gazteak ditu ardatz Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak bultzaturiko plangintzak. "Gidabaimena ateratzear dauden horiek ditugu erdigunean, besteak beste, prebentzioaren garrantziaz jabe daitezen. Jakin behar dute, sarri, errepidean ez dela bigarren aukerarik", argitu du Leire Bereikuak, saioaren kudeatzailetako batek. Bada, prebentzio saioetan azaldutakoaren arabera, hiru dira istripuen eragile nagusiak: alkohola, drogak eta distrakzioa –mugikorrari begira gidatzea, esaterako–.

Hain zuzen ere, saioek istripuen biktimen testigantzak dituzte oinarri –zuzenak zein zeharkakoak–. Euren bizipenak dira nagusi. "Finean, eraginkorragoak dira euren bertsioak, aditu baten berbaldi soila baino. Halakoekin errazago hel zaitezke jendearengana", dio Bereikuak. Eta ikusentzunezkoa da dinamizatzaileek darabilten bitarteko nagusia, baina ez bakarra: zuzeneko kontakizuna ere eskaintzen dute zenbait pertsonak, euren bizipenak ezagutaraziz. Besteak beste, Alaitz Arbillak –auto istripuak eraginda, gurpildun aulkian gelditu den neska gaztea– eta dagokion herriko udaltzainek zein suhiltzaileek esku hartzen dute egitasmoan. Eta, tartean, Arbillak gogoan daroa istripuak ekarritakoa: "Kalera joate hutsak ere buruhausteak eragiten dizkit. Istripuaren egunean total irauli zen nire bizi estiloa".

Finean, istripuen eraginak ikusarazi gura dituzte egitasmoaren bultzatzaileek. Eta, horrekin lotuta, heriotza eta elbarri gelditzea eragin dituzten kasuak dituzte oinarri, nagusiki. Gogorarazten dute, tartean, auto istripuak direla gazteen heriotzen eragile nagusi. "Astero hiru gazte hiltzen dira Estatuan zirkulazio istripuak eraginda", diote.

Herriz herri

Gaur arte, hainbat herritako ikasleek ezagutu dute Zuk ez duzu ordezkorik prebentzio programa –hamahirugarren herria da Eskoriatza–, eta hogei bat lagunek ezagutarazi dute euren esperientzia. Ez alferrik: "Asko, hunkituta datozkigu. Beraz, oro har, esan dezakegu lortzen dugula helburua. Gainera, irakasleengan ere badu eraginik". Ikasleek, berriz, aitortzen dute ez dela ustekabeko saioa. "Esan dezakegu beste gorputzaldi batekin goazela etxera. Finean, bortitza da bertan ikusten dena. Gaurkoak eragina izango du guregan", azaldu dute Arrasateko prebentzio saiora joandako ikasleek.

Alaitz Arbilla, bere esperientzia ezagutarazten, Arrasaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak