350.000 euro bideratuko ditu aurten Foru Aldundiak Gipuzkoako udaletara, iaz 120.000 eurokoa izan zen laguntza hori. Lasak udalen garrantzia azpimarratu du, "herritarrengandik gertuen dagoen maila instituzionala diren aldetik". Horrekin lotuta, udalek egiten duten lana nabarmendu du: "Oso garrantzitsua da beraien lana harreman irekia izateko herritarrekin eta, halaber, partaidetza eta komunikazioko bide berriak irekitzeko".
Herritarren Partaidetzako Gipuzkoako Erakunde arteko Guneak onartu ditu laguntza horiek. 2017an sortu zen erakundea eta lurraldeko udalak, tokiko erakundeak, eta Aldundia elkartzen ditu. Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, erakunde horrekin "herritarren partaidetzako politikak toki mailan indartzea" dute helburu, "baliabideak partekatzeko, jardunbide onak identifikatu eta partekatzeko", horien aplikazioa sustatzeko sarea osatzen duten erakundeen artean.
Herri txiki eta ertainen aldeko apustua
Premisetako bat da laguntza ematea udalerri txiki eta ertainei, Lasak adierazi duenez, "prozesu mota horiek garatzeko beharrezko diren giza baliabide eta baliabide ekonomiko gutxi dutelako". Horrela, 100.000 euro bideratuko dira 2.000 biztanle baino gutxiagoko herrietara, eta 115.000 euro, berriz, 2.000 eta 10.000 arteko biztanle kopurua duten udalerrietara.
Horrez gain, udalerri txikiei lehentasuna ematen zaie, haientzat finantzaketaren gehieneko ehunekoa % 80koa izango baita; ertainentzat % 70ekoa, eta handientzat % 60koa. Bestalde, udalerri bakoitzak bi proiektu aurkeztu ahal izango ditu, eta ez bakarra, orain arte bezala.
Diru laguntzak jasotzeko ezarritako baldintzen artean, lehentasuna izan dute parte hartzeko aurrez aurreko espazioek eta teknologia berriek; desburokratizazioaren, eraginkortasunaren, irisgarritasunaren, gardentasunaren eta erabakiak hartzeko orduan herritarren inplikazioaren printzipioak sustatzen dituzten alderdiek; prestakuntza, ekintzailetasuna eta udalaren ahalmena indartzen dutenek herritarren partaidetzari dagokionez; eta prozesuen kalitate demokratikoa ebaluatzeko irizpideak. Berrikuntza gisa, oinarrietan kontuan hartu dira ezberdintasuna errespetatzeko eta inor ez diskriminatzeko printzipioak.
Joan den urtean, 36 udalek jarri zuten abian partaidetza proiektuak, laguntza deialdi honen eskutik.