Ustekabean hartu duzu izendapena?
Orain dela urtebete, Venezuelako Historia Akademiako kide batzuek galdetu zidaten ea zer irizten nion nire izena proposatuko balute. Erantzun nien lan askotan murgilduta nengoenez, nekeza egingo zitzaidala batzarretara joatea eta ez zitzaidala ideia ona iruditzen beste akademia baten sartzea. Handik denbora batera, beste kide batek nire hautagaitza aurkeztu zuen eta horren berri jakin nuen duela lau hilabete, dei baten bidez. Dei horretan kontatu zidaten aukeratua izan nintzela Historia Akademiako kide izateko. Urtarrilaren 25ean egin dut sarrera hitzaldia.
Hitzaldi horretan diozu oso garrantzitsua dela Venezuelako gazteek ezagutzea bere herriaren historia. Zergatik da inportantea?
Ez da Venezuelako kasua bakarrik, edozein tokitan gertatzen dela esango nuke. Gazteek oraina bizi dute eta Venezuelan, zehazki, etorkizunaz kezkatuta bizi dira, emigratzeko pentsatzen; izan ere, milaka dira dagoeneko joan direnak, beren herriaren etorkizunarekiko ezkorrak direlako. Baina eraldaketan murgildu eta konprometitzen doazen heinean, ohartzen dira gure identitatearen sustraiak ulertu beharra dagoela. Kontua ez da data, errege, buruzagi edo batailak ikastea, norbere izaera ulertzea baizik, etorkizun itxaropentsua eraikitzeko.
Mito, ilusiones y miseria de El Dorado da sarrera hitzaldiaren titulua. Zer kontatu nahi izan duzu?
Venezuelaren azken 100 urteetan erabakigarria izan da petrolioak emandako errenta eta hari esker herrialde txiro izatetik, herrialde latinoamerikar aberatsena izatera heldu zen. Horrek ekarri zuen desitxuratze bat; herrialde aberatsa gineneko uste okerra, urre beltzari esker. Arazo hori areagotu egin zen duela 15 urte, petrolio upelaren prezioa 100 dolarrera igo zenean. Lan egin barik jazotzen den dirua zen, erraz gastatzen dena. Horrek ekarri zuen produkzio lana, sormena eta giza talentua gutxiestea. Loteria tokatu izan baligu bezala. Orain herrialde txiroa da Venezuela, %6.000eko inflazioa du; %15eko defizit fiskala… Eta azkeneko lau urteotan Barne Produktu Gordina %35eko murriztu da. Izan ere, aurreztu beharrean, aurrezkia gastatu egin zuten. Ondorioz, zorra 250.000 milioi dolarrekoa da gaur egun. Lur jota gaude: ez daukagu dolarrik ezer inportatzeko, produktibitatea hutsaren hurrengo da, milaka enpresa itxi dira…
Egoera horretatik irteteko itxaropenik baduzue?
Agintean dauden militarrek beste tentazio bat dute orain: urre, diamante eta beste metal preziatu batzuen meategiak ustiatzea. Saiatu naiz azaltzen erabateko huts egitea dela. Espainiari gertatu zitzaion Ameriketatik ekarritako urre eta zilarrarekin, nekazaritza eta industria sustatzeko erabili beharrean, gerrak ordaintzeko erabili zituelako. Horrek ekarri zuen Espainiaren hondamena eta atzeraldia XVII eta XVIII. mendeetan, Holandak, Frantziak eta beste herrialde batzuek barne produkzioa sustatu zuten bitartean. Konkistatzaileek El Doradoren zoramena jasan zuten. El Dorado mitikoaren bila, espedizio ugari izan zen, eta denek egin zuten porrot. Azkenean, Venezuela hegoaldean aurkitu zuten, Caroni ibaiaren buruetan. Honen guztiaren irakaspena da benetako aberastasuna gizakiaren talentua dela, mito hauek miserian amaitzen dutela eta botin moduan, babes politikoari eusteko erabiltzen denean porrot egiten dutela, herrialdea ustelkerian murgilduz. Horregatik, hutsegite handia da Orinokoko meategien alde egitea, militarren eta mafien esku dagoelako eta ekologiari kalte handia egiten zaiolako.
Hauteskundeak deitu ditu Madurok apirilerako. Ze espero da?
Sinistu ezin daitekeen moduko krisian murgilduta dago Venezuela. Txirotasuna hazi egin da eta populazioaren %82 txirotasun egoeran dago. Diru sarrera, pertsonako, Latinoamerikako txikiena da, Haitirekin batera, eta inflazioak soldata irensten du. Egoera hau jasaten dute Chavezen jarraitzaileek zein kontrakoek. Dirua samur irabazteak ekarri zuen boterearen ustelkeria, herritarrak gosez hiltzen dauden bitartean, bereziki umeak. 20 urteko botere erabatekoaren ostean heldu gara honaino. Chavezen aldeko jarraitzaile gehiengoak utzi dio Maduroren aldeko izateari eta hauteskunde aske, garden eta Estatu-makinariaren derrigortze barekoetan, Madurok ez luke jasoko botoen %25. Horregatik aurreratu nahi ditu Madurok presidentea aukeratzeko hauteskundeak. Gatazka areagotu egingo da, herritarren gehiengoak ez duelako Madurok beste sei urtez jarrai dezan, gaur egungo miseria eta hori baliatzen duten Maduroren politikak jarraitzea nahi ez duelako.
Zela baloratzen duzu Rodriguez Zapaterok egin dituen diplomazia bitartekaritza lanak?
Venezuelako gobernuak aldebakarrez aukeratu zuen Espainiako presidente ohia. Ez zuten bi aldeek aukeratu. Horregatik, Maduroren oposiziokoak ez dira hartaz fidatzen. PSOEn bertan, Felipe Gonzalezek oso bestelako iritzia dauka horren ondo ezagutzen duen Venezuelaren egoerari buruz. Venezuelaren egoera hain da larria, elkarrizketa eta negoziazio prozesu zabal bat eskatzen duela, bi aldeen errespetua izango duen nazioarteko begirale eta bideratzaileen bermearekin.