Herri eta hirietako gizarte ongizatearen eraikuntzan esku hartu gura dute adinekoek; horretarako lanean dihardute Debagoieneko zenbait herritan – Aretxabaleta, Antzuola, Eskoriatza eta Bergara–. Eta, horrekin aski izan barik, ibarreko herri guztietara hedatu gura dute egitasmoa. Hala, Debagoieneko Agijupens erretiratu eta pentsiodunen elkarteak batzarra zuen deitua eguaztenerako; zuzendaritza batzordeko kideak, Euskadi Lagunkoia egitasmoaren bueltako lantaldeak eta zenbait udal ordezkari izan ziren bertan. Euskadi Lagunkoia egitasmoaz jardun zuten, nagusiki; Matia Fundazioak abiarazi eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako Sailak sustatu du proiektua.
"Gizarteko zenbait alor aztertzen ditugu, horren ahulgune zein indarguneak identifikatuz. Diagnosi hori erakundeei helarazten diegu ostean, eskura izan dezaten", argitu du Pedro Etxebarriak, Debagoieneko Agijupens elkarteko jarduneko lehendakariak. Hala, zortzi alor dituzte aztergai; tartean dira etxebizitzaren, eraikinaren eta garraioaren gaiak. Eta, horrenbestez, ekimenarekin bat egiteko eskatu diete erakundeei. Zenbait herrietako Udalak prest azaldu dira horretarako; eta, tartean, eguazteneko batzarrean euren konpromisoa berretsi zuten Aretxabaletako eta Antzuolako alkateek.
Besteak beste, Euskadi Lagunkoia egitasmoaren metodologia azaldu zieten bertaraturikoei, 2012an adostutakoa. "Gai bat lantzea erabakitzean, lantaldea sortu beharra dago. Aldian aldian bilerak egitea dagokie horiei, bi astean behin-edo. Beraz, ez da lan handia. Oraingoz, ondo doakigu, eta prest da jendea", azaldu du Etxebarriak. Argitu dute helburua ez dela tekniko batek egin dezakeen analisia egitea: "herritarron ikuspegia genuke erdigunean".
Debagoiena osora
Ibarreko herri guztietara zabaldu gura dute egitasmoa. Eta Arrasateko erretiratu eta pentsiodunen ordezkariek proiektuarekin bat egiteko asmoa iragarri zuten batzarrean. Bide beretik jarraitu gura dute.