Gotzon Barandiaran (kultura eragilea): "Baliagarria, praktikoa, egunerokoa, eta erreferentziala izango da askotariko esparruetarako"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko ots. 1a, 19:00

Gotzon Barandiaran da 'Sortzaileak.eus' atariko bultzatzaileetako bat. Argazkia: Aintzina Lekue

Sortzaileak.eus zazpi kultur adierazpidetan sortzen ari diren pertsonen erreferentzia iturri sortu berri bat da. Andoingo Martin Ugalde kultur parkean aurkeztu dute gaur, eguena, Berria Bekari esker gauzatu duten  ataria. Gotzon Barandiaran kultura eragileak jardun du bereziki lan horretan, baina alboan izan ditu, beste hainbat lagun.

Zer da Sortzaileak.eus, eta ze helburu ditu?

Zazpi kultur adierazpidetan sortzen ari garen pertsonen erreferentzia iturri bat da. Bertan gaude azken hamabost urteetan lanen bat plazaratu dugun eta bizirik gauden sortzaileak. Zertarako? Euskal kulturaren ikuspegi oso eta integrala eskaintzeko eta euskal kultur sorkuntzaren historia eta egunean egunekoa erakusteko. Kultur adierazpide guztietarako da; euskal sortzaileon lanak hedatzeko, euskal sortzaileon lanak ikusgarri egiteko eta euskal sortzaileon lanak transmititzeko.

Norentzako sortua?

Baliagarria, praktikoa, egunerokoa, eta erreferentziala izango da askotariko esparruetarako: euskal sortzaileontzako; komunikabideentzako; antolatzaileentzako, hau da, herri-mugimendu, erakunde publiko zein profesionalendako; Hezkuntza arautu zein ez arautu, formal zein ez formaleko hezitzaileentzako; kultura zaleentzako; euskaldunontzako; Euskal herritar ororendako.

Zein egitura du atariak? 

Esan bezala, katalogoak zazpi kultur adierazpide biltzen ditu: antzerkia, arte-plastikoak, bertsolaritza, dantza, ikus-entzunezkoak, literatura eta musika. Adierazpide bakoitzari dagokion gunean, alfabetikoki ordenatuta, sortzaileen fitxak dagoz. Sortzaile bakoitzaren fitxak argazkia, jaiotze data eta lekua eta aurretiaz sarean bazegoen webgune baterako eskaintzen ditu. Horrez gain, bilatzaile orokor bat dago, atari osoan bilatzen duena.

Zeintzuk jardun duzue ataria sortzeko lanean?

Diseinu grafikoa Unai Iturriagarena da, garapen funtzionala Josu Landak egin du eta kulturgintzan bidelagun ditudan hainbat burkiderekin makina bat batzar egin ditugu ataria ideologikoki zein teknikoki egituratzeko.

Zein izan da lan-prozesua?

Berria Bekara  aurkeztutako egitasmoa kulturgintzan ditudan hainbat burkiderekin konpartitu ostean, garapen funtzionalari ekin genion edo beste era batera, web-atariak izango zuen edukien arkitektura zehaztera. Aipatu batzarretako batzuk Armiarma.eus, Badok.eus, Bertsozale.eus, Dantzan.eus, Zinea.eus eta Ganbara.eus atarietako bidelagunekin burutu genituen. Bilera horietan argi azaldu genien gure nahia eurek urteetan egindako lana are ikusgarriago egitea dela, ez dugula inondik ere bikoizketarik gura, eta gure ataritik euren atarietara bideratu gura ditugula erabiltzaileak.

2230 fitxategi bildu dituzue. Debagoieneko sortzailerik badago?

Bai, badago Debagoieneko sortzailerik, batez ere, musikari dagokion atalean. Baina aztertzekoa da bestelako kultur adierazpide batzuetan zergatik ez dagoen debagoiendarrik. Interesgarria iruditzen zait, esaterako, kooperatibismoak kulturzaletasunik bultzatzen duen, produktibitatea lehenesteak zelango eragina izan duen sormenaren sustatzean. Jardunaldi batzuetarako gogoetagaia izan daiteke.

Ataria sortu, aurkeztu eta gero, zein da zuen asmoa? 

Guk ataria zerbitzu publiko gisa ulertzen dugu, gure herrikideei, gure kulturari bizirauten lagunduko diogun zerbitzu publiko gisa. Zergatik? Sortzailea ikusgarri bihurtzen duelako eta gure erronka nagusiak diren komunikazio-hedapen eta transmisioa bermatzeko tresna bat delako. Eten barik agertuko dira sortzaile berriak plazara eta horien berri jaso beharko dugu Sortzaileak.eus katalogoan. Horrek esan gura du ezinbestean finantziazio publikoa behar duela. Baina ez diru-laguntza deialdien bidezkoa, ez bada itun politiko eta kultural batetik eratorritakoa. Esan nahi baita euskararen lurraldea zatitzen duten hiru administrazioetako eragile publikoek estrategikotzat onartutako akordio baten baitan. Elkargoaren, Nafarroako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren sustengua behar du Sortzaileak.eus-ek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak