Ertzaintzak kontabilizatutako datuen arabera, 2017an egonkortu egin ziren Euskadin arau-hauste penalak; %0,78 igoera izan zuten delituek iaz. 1.000 biztanleko delituen tasa 37,15etik 37,36ra igo zen.
Bestalde, arau-hausteak leporatuta Ertzaintzak epailearen aurrera eraman zituen pertsonen kopuruak %3,58 egin zuen gora -26.029tik 26.995era-.
Gizarte alarma sortzen duten delituek, behera
Europar Batasunak estrategikotzat dituen delituek orokorrean behera egin zuten Euskal Autonomia Erkidegoan: homizidioak 6tik 4ra jaitsi ziren (% -33,33), -kasu guztiak argitu ziren-; etxebizitzetan indarra erabiliz egindako lapurretak 4.110etik 4.056ra (% -1,31); indarkeria edo beldurra erabiliz egindako lapurretak 1.967tik 1.757ra (% -10,68); eta motordun ibilgailuen lapurretak 958tik 860ra (% -10,23). Droga-trafikoarekin zerikusia duten delituek bakarrik egin zuten apur bat gora, 276tik 281era (% +1,81).
Lesio-delitu gehiago 2017an
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 2017an lesio-delitu gehiago egin ziren (% +8,16), guztira 4.468. 2016an, berriz, 4.131.
Familia barruko lesioen atalean eta pertsonen aurkako delituetan indarkeria erabiliz egindako erasoak 725etik 1.120ra igo ziren (% +54,48 gehiago). Indarkeria fisikorik gabeko tratu txarrak, berriz, 3.078tik 2.770era jaitsi ziren (% -10,01).
Ertzaintzak sexu-askatasunaren aurkako arau-hauste bezala sailkatzen dituen delituek nabarmen egin zuten gora, 357tik 453ra (% +26,89). Gehienak (heren bat) sexu-ukituengatik, exhibizionismoagatik, sexu-probokazioengatik... jarritako salaketei dagozkie.
Ikertutako lau arau-hausteetatik hiru ondarearen aurkako delituak izan ziren, eta orokorrean 61.790etik 61.593ra jaitsi ziren (% -0,32). Ia kategoria guztietan jaitsi ziren: ebasketak (% -3,95), indarra erabiliz egindako lapurretak (% -4,82), etxebizitzetan egindako lapurretak (% -1,31), lapurretak (% -10,68) eta ibilgailuen lapurretak (% -10,23). Iruzurrek, aldiz, azken urteotako goranzko joera mantendu zuten (% +18,38); bereziki Internet bidez egindakoak igo ziren.
Segurtasun kolektiboaren aurkako arau-hausteek apur bat egin zuten gora (% +1,59), eta igoera batez ere droga-trafikoan nabaritu zen (% +1,81).
Lurralde historikoka, datuak mantendu egin ziren
Delinkuentziaren banaketa nahiko orekatua izan zen probintzien artean. Araban arau-hausteak 11.554tik 11.839ra igo ziren (% +1,70), Bizkaian 48.213tik 48.451ra igo ziren (% +0,49) eta Gipuzkoan 21.568tik 21.681era (% +0,52).
Agerraldia Legebiltzarrean
Segurtasuneko sailburu Estefania Beltran de Heredia Eusko Legebiltzarraren aurrera agertuko da laster, berak hala eskatuta, Euskadiko 2017ko delinkuentziaren balantze xehatuaren berri emateko. Agerraldi horretan, albiste honetan jasotako datuez gain, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen datu metatuak ere emango ditu.