Mendi lasterketek arrakasta handia dute bailaran eta horren erakusle dira urte hasierako lasterketa garrantzitsuek izango duten partaide kopurua. Antzuolako VI. 8 miliak lasterketarako izen-emateak segituan agortu ziren, eta berdina gertatu da bi egunetan Arrasate-Udalatx lasterketarekin. Zapatuan ireki zen izena emateko aukera, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, dagoeneko bete dira 350 plazak.
Oñatiko mendi lasterketan izena emateko aukera eguaztenean irekiko da, eta beste bi lasterketetan bezala, plaza kopurua azkar betetzea espero da.
Otsailaren 18an, domekan 10:00etan izango da lasterketa, eta 240 partaide izango ditu. 5. edizioaren ostean, lasterketaren etorkizuna zalantzan jarri bazen ere, iazko urte amaieran 6. lasterketa antolatzeko erabakia hartu zuten antolatzaileek, eta lasterkariek erabakia babestu dute parte hartze handiarekin.
Antolatzaileak bidea garbitzen ibili dira urtarrilean, aurrez entrenatzea nahi dutenek aukera izan dezaten.
Argazkia: @Antzuolako8milak (Facebook)
350 pertsonek eman dute izena Arrasate-Udalatx lasterketan. Zapatuan zabaldu zen izen-ematea eta bi egunetan bete da. Orain ordezkoen zerrendan izena emateko aukera dagoela jakinarazi dute Mondraitz taldeko antolatzaileek sare sozialen bidez. Apirilaren 15eko mendi lasterketan, Udalatx izango dute helburu lasterkariek. Ibilbideak 21 kilometro eta 1.200 metroko igoera metatua dauka.
Arrasatekotik astebetera, apirilaren 22an egingo da Oñatiko lasterketa. 22,6 kilometroko ibilbidea Euskal Herriko Txapelketa izango da aurtengoan. Lasterketan izena emateko aukera urtarrilaren 31n irekiko da sailkapena.com webgunearen bidez. Eguaztenean goizeko bederatzietan hasiko dira izen-emateak.