Arrasateri Bira mendi ibilaldia 'Puntua'-n

Monika Belastegi Aranzabal 2018ko urt. 23a, 16:53

Abenduaren 17an Arrasateri Bira egin zuen lagun kuadrilla, Kurtzetxikin.

Abenduan, Besaide Mendizale Elkarteak antolatuta, Arrasateri Bira mendi ibilaldia egin zuten lehenengoz, eta arrakasta handia izan zuen; 50 pertsona inguruk hartu zuten parte, argazkian ondo ikusten denez. Bada, ibilbidea herritar gehiagoren eskura jartzeko asmoz, Puntua-k xehetasun guztiak jaso ditu azken zenbakian.

Ezaugarri nagusiak

  • Distantzia: 18,8 kilometro
  • Iraupena: 6 ordu inguru
  • Zailtasuna: Erraza
  • Ibilbidea: Zirkularra
  • Seinaleztatuta: Ez
  • Bidea: Mendi pistak eta bidexkak

Ibilaldiaren argibideak

18,8 kilometroko ibilbidea da, Jose Maria Arizmendiarrieta plazan –lehengo Laubide plaza– hasi eta bukatzen dena. Ibilbidean zehar hainbat interes puntu ditu, ondorengo asteetan sakonduko ditugunak.

Ibilbidean zentratuta, 08:00 aldera irtenda nahikoa izango dugu. Esan bezala, Jose Maria Arizmendiarrietan emango diogu hasiera ibilbideari, eta, San Andres auzotik pasatu ostean, Bedoña auzorantz joango gara. 45 minutu inguru egin ostean, Bedoñako elizara iritsiko gara –ibilbidearen 3.kilometroa–. Handik Kurtzetxikiko tontorrerantz joango gara, ibilbideko tokirik politenerantz, ziur aski. Izan ere, ikuspegi politak daude tontor hartatik, panoramika zabala, eta hainbat tontor ikusten dira. Ikuspegiez gozatu ostean, ospitalera jaitsiko gara –7,1. kilometroa–, eta handik Musakola auzorantz hartuko dugu. Arrasateko Institututik pasa eta San Kristobal auzora joango gara. Han, Loo baserriarekin egingo dugu topo, garai batean ostatu zerbitzua ere eskaintzen zuen baserria, hain zuzen.

Handik Meatzerreka elkartera abiatuko gara eta geldialdia egingo dugu, hamaiketako batekin indarrak hartzeko –11,7. kilometroa–.

Atseden hartu ostean, Udala auzotik pasatuko gara. Han dagoen garbitegia ikusi ostean     –garai batean, arropa garbitzeko erabiltzen zuten tokia–, beherantz joango gara eta Arteaga jatetxera iritsiko gara –garai batean, baserria zen eta gaur egun, jatetxe zerbitzua eskaintzen du–. Handik Garaia Berrikuntza Gunera jaitsiko gara, eta, Mondragon Unibertsitatetik igaro ostean, berriro ere hasierako puntura iritsiko gara, Jose Maria Arizmendiarrieta plazara, alegia.

Datorren urtean, berriz

Oraingoan, beste zenbait ekintzarekin kointziditu arren, jende ugari animatu da. Beraz, hurrengoan –2018ko abenduaren 2an egingo dute– jende gehiago animatzea espero du Besaide Mendizale Elkarteak. Ibilbide bera errepikatuko da, interes puntuak indartzeko helburuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak