"Lehenengo zatian joan zaigu partidua, nahiz eta bigarrenean beste aurpegi bat erakutsi dugun"

Xabier Urtzelai 2018ko urt. 21a, 17:20

Aretxabaleta UDAk 3-7 galdu du sailkapenaren erdialdean dagoen Internacional taldearen kontra. Partidua etxekoen hasiera txarrak baldintzatu du, atsedenaldira 0-5ekoarekin joan dira-eta: "Oso ondo ibili dira lehen zatian, eta guri kosta egin zaigu partiduan sartzea", adierazi du Joseba Fraile kapitainak.

Gabonetan izan duten oporraldi luzeak gura baino kalte handiagoa egin dio maila Nazionalean jokatzen dabilen Aretxabaleta UDAri. Internacional taldea lehenengo zatian gainetik pasa zaie, eta neurri handian, kanpotarrek erabakita utzi dute norgehiagoka. Bigarrenean, baina, aretxabaletarrek bestelako apurpegia  erakutsi dute. Burua jaso, lanerako buzoa jantzi, eta atzekaldean arrisku handiak hartuta partidua berdintzeko erabaki sendoa hartu dute. Eraso jokaldiak atezain-jokalariarekin jokatu dituzte –Mansorekin–, eta defendatzea tokatzen zenean Manso kendu eta atezainak osatu du boskotea. 

Jokatzeko modu erasokor horrek baloiaren jabetza izatea ekarri du, eta etxekoak nola edo hala ahalegindu dira kontrarioen defentsan zuloa topatzen. Baita lortu ere, lehenengo minutuetan Internacionalek ondo defendatu duen arren aretxabaletarrak kontrarioaren atea hirutan zulatzeko gauza izan direlako (3-5).

Baina aipatu moduan, etxekoak arrisku handiak hartzen zebiltzan. Seigarren falta egin dutenean Internacionalek penalti zuzen bidez izan du seigarrena egiteko aukera, baina etxekoen atezainak ondo geratu du jaurtiketa. Hala ere, apur bat geroago, atezaina jokalari lanetan zebilela, Internacionalek seigarrena egitea lortu du, eta hor amaitu dira partiduari buelta emateko etxekoek zituzten esperantza guztiak (3-6). Hala ere, amore eman barik, azken segundora arte erasoan jarraitu dute Aretxabaleta UDAkoek eta orduan egin dute, beste aldaratze bat aprobetxatuta, kanpotarrek zazpigarrena.

"Denboraldi gogorra izaten ari da, baina gozatzen gabiltza"

Taldeko kapitain Joseba Frailek partiduaren gaineko errepaso garbia egin du: "Entrenatzen bai, baina denbora asko generaman partidurik jokatu barik, eta taldeak igarri egin du. Lehenengo zatian oso onak iruditu zaizkit, baina bigarrenean guk beste itxura bat erakutsi dugu, eta txukun jardun dugu. Gustura geratu naiz taldeak bigarren zatian erakutsi duen jarrerarekin eta joko mailarekin". Azken urteak mailaz igotzeko borrokatzen ibili ostean, aurten beste helburu batzuengatik borrokan dabil talde aretxabaletarra: "Eta ez da erraza, gaizki ohituta geundelako. Orain mailari eusteko ari gara borrokan, baina ni behintzat gozatzen nabil, kontrario gogorren kontra ari garelako jokatzen, eta daukagun onena ematera behartzen gaituztetelako". 

Euskadiko Txapelketan Eskoriatzak irabazi, eta Mondratek liderraren kontra etxean galdu

Asteburuan, berriz, Euskadiko Txapelketako 12. jardunaldia jokatu dute. Eskoriatzak etxetik kanpora irabaztea lortu du, 3-4 Bakioren kantxan, eta Mondratek, berriz, Labastida liderraren kontra 2-5 galdu du. Hala, arrasatearrak 10. postuan daude 9 puntu batuta, eta eskoriatzarrak, berriz, 7. postuan 15 punturekin.

Eskoriatzako neskek, azkenik, Gipuzkoako senior mailan 1-3 galdu dute Trintxerperen kontra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak