Ibon Iparragirreren senideek "auto normal batean lekualdatu" dutela salatu dute, eta ez "gaixotasuna dela eta behar duen anbulantzia" batean. Izan ere, Iparragirrek hiesa du, eta lekualdatzearekin kezkatuta azaldu zen atzo Angelita Burgoa, presoaren ama, Goienako kameraren aurrean.
Gaur nola ikusi duen galdetuta zera erantzun du Ion Kirru Iparragirrek, Ibonen anaiak. "Espero baino hobeto ikusi dugu, baina betiere bere larritasunaren barruan. Egoera oso delikatuan dago, eta lekualdatzea gogorra izan da berarentzat. Kontuan izanda, zelda hotz batean egin duela lo, eta auto batean ekarri dutela anbulantzian ekarri beharrean, espero baino hobeto ikusi dugu".
Ibon Iparragirrek zortzi urte daramatza preso, 2010eko urtarrilean Ertzaintzak atxilotu zuenetik. Ondarroako presoak hirugarren gradua eskatu zuen baina epaileak bigarrenean mantendu du.