Azken hilabeteotan eztabaida iturri dira Lurraldebus autobus zerbitzuan eginiko moldatzeak; Debagoieneko zenbait ordezkari kexu azaldu dira horiekin; linea murrizteagatik, adibidez. 2017ko azken hiru hilabeteetako erabilera aztertu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eta astean jakinarazi ditu horretan eskuratutako datuak. Haren esanetan, hilean 38.600 bidaiari gehiago ibili da batez beste Debagoienean –guztira, 115.864–. 2016ko azken hiruhilekoko datuekin alderatuta eman du informazioa.
Datuek "ustekabean" harrapatu dituzte ibarreko zenbait udal ordezkari. "Normalean, beharragatik erabiltzen da autobus zerbitzua. Bada, arraroa da urtebetean autobusa erabiltzeko beharra horrenbeste igotzea", azaldu du Unai Elkorok, Aretxabaletako alkate eta Mankomunitateko presidenteak. "Egia esan, ez nuke esango datuak bat datozenik errealitatearekin. Azterketan erabili dituzten irizpideak jakin gura nituzke, emaitza hobeto ulertzeko", gaineratu du Oñatiko alkate Mikel Biainek. Gaur-gaurkoz, ibarreko udal ordezkariek ez dute datu zehatzik esku artean. "Eskatu ditugu. Baina noiz bidaliko zain gaude oraindik", dio Oñatiko alkateak.
Berrantolaketak, "mesede"
Gipuzkoako Foru Aldundiak datuen balorazioa eskaini du ohar bidez. Bertan azpimarratu du urrian autobus zerbitzuan eginiko moldatzeen osteko emaitzak direla. "Iazko datuekin alderatuta, %20 hazi da erabiltzaile kopurua. Esangura handikoa da hori, berrantolaketa osteko hilabeteak baitira", azaldu du Aldundiak. Bestetik, adierazi du "eskualdeko ordezkarien eskakizunei erantzunez" egin dutela aldaketa, "alkate eta zinegotzi guztien onarpenarekin".
Horrenbestez, kexu azaldu da EH Bilduren jarrerarekin: "Desinformazio eta ospe-galtze kanpainan dihardu. Datuek erakusten duten moduan, ez dator bat errealitatearekin, eta intentzio politikoaren alarma sortzea besterik ez du bilatzen". EH Bilduk, berriz, "datuen erabilera maltzurra" egin izana egotzi dio Aldundiari. Jakinarazi du "datu zehatzak" esku artean dituenean egingo duela "balorazioa". Horiek noiz jasoko zain daude orain.
Ibarreko udalak, kexu
Debagoieneko herrietako udal ordezkariak ez daude konforme autobus zerbitzuan egindako aldaketekin. "Aretxabaletan kexu da jendea. Ororen moduan, hobetu daiteke oraindik. Eta horretarako lanean dihardugu", aitortu du Elkorok. Besteak beste, Eskoriatzan ere hainbat "arazo" sortu dituzte aldaketek; eta horiek konpontzeko lanean dihardu Udalak. "Autobus pilaketa sortzen da Akeita parean, eta arazoak izaten dira Santa Anako biribilgunean", esan du Josu Ezkurdiak, Eskoriatzako Mugikortasun eta Hirigintza batzordeburuak.
Ordezkariekin batzarrak
Oraindik ere itxi barik dute berrantolaketa prozesua. "Hori pentsatu gura dut, behintzat", dio Elkorok. Hala, ibarreko udal ordezkariekin harremanetan dihardu Gipuzkoako Foru Aldundiak: gaia lantzen duen batzordera gonbidatu dituzte, nork bere herriko egoera azaldu dezan. Oñatiko alkatea atzo izan zen bertan; eta hurrengo asteetan batzartuko dira beste herrietako ordezkariak.
"Ez gaude konforme aldaketekin. Eta hori eroan dugu batzordera; ea oraingoan kasurik egiten diguten. Dena den, ez dute konpromisorik hartu", argitu du Biainek. "Moldatzeekin zaildu besterik ez da egin autobusez bidaiatzea. Esaterako, oñatiarrok ezin dugu zuzenean Eskoriatzara edo Bergarara joan; autobus aldaketa egin beharra dugu, ezinbestean", gaineratu du. Gogorarazi du bidaiari askok joan behar izaten dutela egunero Eskoriatzako unibertsitatera eta Gureakera –Bergara–; besteak beste, Udalak zerbitzu berezia jarri behar izan du azken horiendako.
Inkestak eta sinadura bilketak
Bergaran ere kezka sortu dute aldaketek: zerbitzuak murrizketak izan dituela salatu zuen, aho batez, osoko bilkurak. Hala, inkesta bidezko galdeketa abiatu dute herritarren iritzia jakiteko. Bestetik, zerbitzuak ibarrean izandako "murrizketez" kezkatuta, sinadurak biltzeari ekin zion Arrasaten oposizioak.