14 urte zituela Mekolaldeko geltokian Vasco-Navarrorendako lanean hasi zen Jose Luis Arrate (Bañares, 1934). Soldadutza egin ondoren, Arrasateko geltokian ibili zen, faktore, trenbidea itxi zuten arte. “Niretako, lan bat baino gehiago, nire etxea zen trena eta geltokia. Trenaren inguruan jaio nintzen, aita Ezkaraiko geltokiko arduraduna zen eta. Ezkarain egon ginen 1944ra arte. Handik, Vasco-Navarrora ekarri gintuzten, eta Bergaran trenbidean ibiltzeko ikasketak egiten hasi nintzen. 14 urterekin Vasco-Navarron lanean hasi nintzen, Mekolalden, faktore aprendiz. 1955era arte, soldadutza egin arte, Bergaran izan nintzen lanean, eta 1957an Arrasatera bidali ninduten, itxi zen arte. 10 urte egin nituen Arrasaten”, aipatu du gaur egun Arrasateko San Andres auzoan bizi den Jose Luis Arratek.
“Arrasaten bakarrik ehun lagunek inguruk egiten genuen lan Vasco-Navarro trenarendako. Beraz, imajinatu dezakezue trenbide osoan zenbat lanpostu sortu zituen trenak. Gidariak, tren-arduradunak, faktoreak, orratzen arduradunak... Nik, adibidez, merkantziak fakturatzen nituen, eta txarteldegian nengoenean txartelak ere saltzen nituen. Azken urteetan, gainera, geltokiko arduradun ere izan nintzen, baita zirkulazio arduradun ere”, dio Arratek.
“Garai hartan zegoen trafikoa izugarria zen. Union Cerrajerarendako bakarrik tren osoak etortzen ziren ikatzez eta txatarraz beteta. Elmak eta beste industria txiki batzuek ere bagoi ugari mugitzen zituzten. Arrasateko geltokiko irudia, adibidez, errailez betetakoa zen, trenbide izugarria. Biltegiak ere bertan zeuden, eta bagoien trafikoa handia zen. Egur eta merkantzia ugari ere garraiatzen zela gogoratzen dut. Orduan ez zegoen ia kamioirik eta indar handia zuen trenak. Fakturatzeko ere kupoak jartzen genituen, ez zegoelako merkantziak garraiatzeko bagoi nahikoa”, azpimarratu du Arratek.
“Bidaiari asko ere mugitzen ziren. Batez ere, hilabete osorako txartelak zituzten ikasle ugari ibiltzen zen aurrera eta atzera. Eurendako, merkeagoa izaten zen hilabeteko txartel berezi horiekin. Hala ere, mugimendu horiek guztiek, apurka, beheranzko joera hartu zuten. Arrasaten etxebizitzak egiten hasi ziren heinean –San Andresen eta Santa Marinan, batez ere–, langileak herrira mugitu ziren bizi izatera, eta bidaiarien trafikoa nahiko gutxitu zen azken urteetan”, dio Vasco-Navarroko langile ohiak.
Langile moduan inoiz ez zuen istripurik izan trenbidean, baina Gasteiztik zetozen lankide batzuek Leintz Gatzagako jaitsieran “susto bat baino gehiago” izan zutela gogoratu du Jose Luis Arratek: “Leintz Gatzagako trenbide zatia zen arriskutsuena eta gidariarendako zailena, jaitsiera garrantzitsua zen eta. Azken urteetan, gainera, ez zegoen behar bezala zainduta eta abiadura handiegia hartzen zuen trenak aldapan behera. Gertatu zen istripu larria ere ondo gogoratzen dut, trena maldan behera jausi zeneko hura. Garaiko egunkari guztietan azaldu zen albistea”.
Itxiera, esperotakoa
Azken urteetan, trenbidearen egoerak “txarrera” egin zuen nabarmen. Horregatik, Vasco-Navarroren itxierak ez zuen inor ustekabean hartu, Arratek azaldu duen moduan: “Itxiera bazetorrela argi ikusi genuen langileok. Ez zen ezustekoa izan, egia esateko. Egun batetik bestera azkar itxi zuten, arazorik gabe. Azken urteetan, gainera, trenak zituen galerak adierazteko gutunak bidaltzen zizkiguten. Ez zituzten ez materialak ezta trenbidea bera ere ondo berritu, eta bagoi batzuk ere nahiko zaharkituta gelditu ziren azkenerako. Hori bai, norbaitek diru asko irabazi zuen prozesu hartan, trenbidean zegoen material guztia saldu ostean”.
Tren geltokiko lana bukatu eta gutxira, kamioiarekin lanean hasi zen Jose Luis Arrate: “Adin batekoentzat, trenaren itxiera kolpe gogorra izan zen, zailagoa. Ni, gaztea nintzenez, garraiolari hasi nintzen, ordurako kamioia erosita nuen eta. Banekien nondik jo. Pena izan zen, Eskoriatzatik Bergara eta Oñati arteko trenbide zatia errentagarria zela esaten zuten eta. Baina Gasteiztik Lizarrara zihoanak galera handiak zituen; azken urteetan, batez ere. Ibilbide hura luzea zen, eta bidaiari gutxi zituen. Gainera, ez zegoenez industriarik, merkantzia gutxi mugitzen zen”.
Atzera begira, nostalgiarekin oroitzen ditu trenaren garaiak Arrasateko geltokiko azken arduradunak: “Orduan, benetan ederra zen trena. Oso polita zen trena bailaran zehar ikustea; bai, horixe! Igarotzen zen bakoitzean, errailen zarata entzuten zen... Jende asko akordatzen da gaur egun ere trenarekin, eta erabiltzaile askok penaz hartu genuen itxiera. Nire kasuan, beti izan dut gustuko trenean bidaiatzea, esperientzia zoragarria delako. Azkenean, izan genuen lehen garraio garrantzitsua izan zen. Orduan ez zegoen autorik eta trenean ibiltzen ginen joan-etorrian. Autobusak eta kamioiak geroago etorri ziren. Gainera, nahiz eta garai hartako trenak ez ziren hain erosoak –bagoiak egurrezkoak zirelako eta nahiko estuak–, euren xarma zuten. Gaur egungo tren modernoek xarma hori galdu egin dute”.