"Eskerrik asko, eskerrik asko hemen zaudeten Euskal Herritar guztiei. Bakea, justizia eta konponbidea nahi ditugun herritar guztiei. Urtez urte, Bilboko kaleak bete egiten ditugu, Bilboko kaleak mendekuan eta gorrotoan oinarritutako espetxe politika hau salatzeko betetzen ditugu", irakurri zuten Beatriz Talegonek (PSOEko zuzendaritzako kide izandakoa) eta Kike Amonarrizek (soziolinguista) manifestazioaren bukaeran. Eta jarraitu zuten: "Egindako lan guztia, ez da hutsaren hurrena izan. Giza eskubideen defentsan eta hamarkadak irauten duen bortizkeria guztiekin amaitzeko egiten ari garen lan guztia bakearen norabidean pausuak emateko lagungarria da, elkarbizitzaren eta demokraziaren norabidean pausuak emateko. Jadanik sufrikario handia eragin duen gatazka batekin amaitu nahi dugulako".
Bakearen Artisauek egindako lana omendu gura izan zuten, "behin betiko armagabetzea" posible egin zuen bidea zabaltzeagatik: "Ez hori bakarrik, Frantziar estatuan eremu politiko zein sindikalean mugimenduak abiarazi zituzten eta baita eremu judizialean ere. Horrek guztiak, arrakala berria ireki du Frantziako espetxe politika bortitzarekin amaitzen hasteko".
Era berean, konponbiderako gizarte zibilak duen garrantzia azpimarratu zuten: "Denon konpromisoa da beharrezkoa, norbanakoena zein kolektiboena". Eta eskatzen dena oinarrizko eskubideak errespetatzea dela esan zuten ozen: "Larriki gaixo dauden presoek eta preso adinduek kalean behar dute, urrunketarekin amaitu behar dugu, presoak beraien etxetik gertuen dauden kartzeletara eraman behar dira, baita gradu aldaketak eman ere bergizarteratzea martxan jartzeko. Ez dugu bizi osorako kartzela zigorrik behar".
Debagoiendarrek ere egin zuten bat manifestazioarekin eta ehunka izan ziren Bilbora gerturatu zirenak. Hemen Aretxabaletatik joandako taldetxo bat.
Frantziaren asmoa presoak gerturatzea
Txetx Etxeberrik baieztatu zuen atzo Frantziako Justizia Ministerioak zabaldutakoa: euskal presoak gerturatzen hasiko dela. 60 euskal preso daude Frantziako estatuan eta epaia dutenak gerturatuko dituztela adierazi dute.