Milaka lagunek abiatu dute presoei elkartasuna adieraziz manifestazioa

Maider Arregi 2018ko urt. 13a, 17:40

Argazkia: @sare_herritarra

Sare herritarrak deituta, milaka lagunek abiatu dute euripean euskal preso politikoen eskubideen aldeko manifestazioa Bilbon. Aurten, iaz baino autobus gehiago iritsi direla Bilbora jakinarazi du Sarek. Goizean goizetik girotze ekitaldiak izan dira gainera: jardunaldiak, bertso-saioa, musika, kalejira, umeendako ikuskizuna...

Prest gaude. Euskal presoak Euskal Herrira! Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea lelopean, abiatu da Bilboko La Casillatik manifestazioa. Aurtengoa berezia izango dela azaldu dute antolatzaileek, izan ere, astebururo gurasoekin egoteko, milaka kilometro egin behar dituzten motxiladun haur horietan egingo baita azpimarra. Ohiko ibilbidea egingo du eta Autonomia eta Hurtado Amezaga ibilbideak zeharkatuko dituzte milaka manifestatzailek; bukaera Bilboko udaletxean izango du. Amaierako ekitaldian, Kike Amonarrizek eta Bea Talegonek hartuko dute hitza.

"Urtero errepikatzen den zita bilakatu da, nahiz eta urtero azkena izan dadin nahi dugun. Egoera aldatzen ez den bitartean, ordea, zita errepikatzen jarraituko dugu, herri bezala preso eta iheslarien auziaren irtenbiderako urratsak egiteko prest gaudela adierazteko", nabarmendu dute asteon Debagoieneko Sareko kideek.

Gizarte zibilaren aktibazioa

Frantziako eta Espainiako estatuek "salbuespen legedia" mantentzen dutela adierazi dute Sareko kideek: "Gizarte zibilaren aktibazioari esker lortu zen armagabetzea gauzatzea, eta gizarte zibilaren aktibazioarekin lortu behar dugu preso eta iheslarien aferari irtenbidea ematea. Bide horretan kokatzen da abenduaren 9an Parisen elkartzea, eta bide horretan ere gaur, urtarrilak 13, Bilboko kaleak bete izana". Giza eskubideen defentsak eta konponbidearen eta bakearen baitan urratsak egiteko nahiak batu dituztela adierazi dute: "Gehiegi luzatu den sufrimenduzko egoera hau amaitzeko prest gaude, hori erakutsi nahi dugu".

Frantziak, presoak gerturatuko ditu

Gaur baina, hedabide guztiek dakarten albistea, eta Bilbon ere bolo-bolo dabilen berria da nagusi: Frantzia "datozen asteetan" hasiko dela euskal presoak gerturatzen. Vocento taldeko egunkariek eman dute berria Frantziako Barne Ministerioko iturrietan oinarrituta, eta Bakearen artisauek baieztatu egin dute gaur goizean. Frantziako Ministerioaren hitzak erabiliz Vocento-k zabaldu duenez, epaiketa egina duten presoak gerturatuko ditu, haiek banaka egindako eskaerei jarraituz. 61 euskal preso daude une honetan Frantziako espetxeetan; haietatik sei Lannemezanen eta bat Mont de Marsanen. Sei bakarrik dira epaiketa egin gabe daudenak, eta beraz, Paris inguruan mantenduko dituztenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak