goiena.eus

Itxita dute apustua, sega eta aizkora eskuan

  Kirola  Aretxabaleta  Oñati

Ekainean jokatuko dute apustua, Oñatin. Oraindik, baina, zehazteke dituzte leku eta egun zehatzak. Hain zuzen ere, segoviarren aurka jardungo dute debagoiendarrek, aizkoran eta segan. 1.000 euro eta antxumea daude jokoan.

Batek apustua bota eta besteak hartu. Horixe da Euskal Herrian oraindik ere bizirik dirauen ohitura. Bada, gaur-gaurkoz, Debagoienean bada apusturik itxita, noiz egingo zain: kana erdiko hamar enbor ebaki beharko dituzte, eta gero, ordu eta erdiko sega saioa egin. Arkaitz Lizarralde oñatiarrak eta Alex Azkargorta aretxabaletarrak Daniel Españaren eta Jose Benitoren aurka jardungo dute nor baino nor gehiago, ekaineko egun baten Oñatin egingo duten saioan; oraindik zehazteke dituzte leku eta egun zehatzak. 

"Segoviako bikotea sarri dator Euskal Herrira halako apustuak ikustera. Halako batean, esku hartzeko gogoa sartu omen zitzaien, eta guri bota ziguten erronka, Azkoitiko frontoiko saioan ginela; ezagunak ditut. Baiezkoa eman genuen", azaldu du Lizarraldek. Aurrez aurreko apustua izan zen, hitzez eginikoa –ohi bezala–. Eta lekukoak zituzten; beraz, jasota dago apustua. 1.000 euro eta antxumea jokatu dituzte. "Egun berezia izango da, duda barik", dio Lizarraldek. Hain zuzen, ez dute gura egitaraua saio soil batera mugatzerik; apusturako finkaturiko hitzordua aprobetxatuz, hainbat ekintzaz osaturiko egitaraua sortu gura dute. "Orain, zein beste ekintza egin ditzakegun pentsatzen gabiltza. Eta hitzordua herriko auzoren bateko jaiekin bat badator, hobeto", dio. Kasu horretan, herrian jokatzen duenari dagokio apustua jokatzeko hitzordua prestatzea. Eta Lizarralderen esku dago hori: "Saioa prestatu beharra dugu lehendabizi; besteak beste, zelaia eta egun egokia zehaztu behar ditugu. Eta ekintza sorta itxi beharra ere badugu. Orain, horretan gabiltza buru-belarri".

Ogibidea, aizkoraren bueltan 

Oñatiarrak berak eginiko aizkorak erabiliko dituzte apustuan, Arkaia Speed Axe markakoak. Horixe baitu Lizarraldek ogibide: "Herri kirolen bueltan nenbilenean, aizkorak egiteko jende beharra zegoela ikusi nuen. Horretan hastea erabaki nuen, beraz". Gaur-gaurkoz, herrialde askotariko aizkolariak ditu bezeroen artean; jende ezaguna ere bai. Besteak beste, berak eginiko hainbat aizkora darabilte Aitzol Atutxak eta Iker Vicentek. 

Eta ezin uka oraindik ere bide luzea dutela herri kiroletako apustuek. Besteak beste, Lizarraldek badu beste apustu bat esku artean: Abadiñoko lagun baten kontra jardungo du, Apatamonasterioko jaietan –Abadiño–. Ekintzaz beteriko egitarau baten parte da apustu hori. Esan daiteke, horrenbestez, oso erroturik dagoela herri kiroletako apustuen jokoa. Oraindik bide luzea dute egiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa