Euskal presoen egoeraz berba egin duzu Bergaran.
Halaxe da. Euskal preso politikoen eskubideak izan ditut jorragai. Hain zuzen, dispertsioari, kartzela urteak ez pilatzeari –herrialde ezberdinetako espetxeetan igarotakoak– eta gaixo dauden presoen auziari erreparatu diet, batez ere. Horiek aztertuta ikusten baita euskal preso politikoen giza eskubideak ez direla errespetatzen. Alegia, gaiaren bueltan segitzen dut lanean, eta uka ezinezko ondorioak atera ditut zeregin horretan; tartean, esan dezaket estatuek euskal preso politikoen giza eskubideak urratzen jarraitzen dutela, Europar Batasunak esaten duenari men egin barik. Horrenbestez, larria da egoera; salbuespen egoeran segitzen dugu. Eta, hori, giza eskubideei bakarrik gagozkielarik. Alor judizialarena, ostera, beste kontu bat litzateke; konplexuagoa, halaber.
Beraz, salbuespen egoerak hor segitzen du...
Duda barik. Alde batek urratsak egin dituen arren, besteak aspaldi harturiko bidean segitzen duela esan daiteke. Beste era batera: ETAk duela sei urte pasa utzi zuen jarduera armatua, entregatuak ditu armak. Baina badirudi Espainiako Estatuak ez duela aurrerapausorik emateko borondaterik. Eta egoerak ezin du bere horretan segi. Guztiz ezberdina da testuingurua, eta aldaketara egokitu beharra dago, ezinbestean. Besteak beste, esan daiteke presoek euren bizitokitik urrun dauden espetxeetan jarraitzeak ez duela zentzurik. Finean, gaineraturiko zigor besterik ez dira halako neurriak; inolaz ezin daitezke justifikatu. Eta, gainera, aintzat hartu beharra dugu salbuespen neurriek ez dietela presoei bakarrik eragiten, hor daudela euren senideak. Ezin ditzakegu ahaztu, eurek ere sufritzen baitute. Beraz, harik eta zentzu gutxiago luke giza eskubideak urratzen segitzeak –beti izan den arren zentzugabeko–. Gauzak horrela, tristea da egoera: euren eskubideak urratuak direla ikusten segitzen dute presoek. Bada, hori ez al da salbuespen egoera?
Alderdien artean, ostera, ez dago adostasunik gaiari dagokionez.
Hala da. Nork bere bidean segitzen du. Eta kezkagarria da hori, eurek ere zeresana baitute presoen auzian. Besteak beste, kontuan izan behar dugu Espainiako Parlamentuak zokoratua duela herrialde ezberdinetako kartzeletan preso igarotako urteak pilatzearen aukera. Hau da, gai horri dagokionez, aurrera egiteko keinua egin zuen Auzitegi Gorenak, baina bidea oztopatu zion Parlamentuak; horrek epaitegiaren atzerapausoa eragin zuen. Oro har, esan daiteke Espainia mailako alderdi nagusiek baztertuta dutela eztabaida; eta garrantzi bako auzia da beste batzuentzat. Ez hori bakarrik: boterean dauden alderdi horiek legediak eskatzen ez dituen gauzak exijitu dizkiete presoei –barkamena eskatzea, besteak beste–. Hori ez da zilegi. Legea behar bezala interpretatzen hasteko unea da, horrez gaindiko irakurketarik egin gabe.
Eta ados jarri ezin horrek konponbidea oztopatuko du, ezta?
Duda barik. Adostasunik ez egoteak kalte egiten dio konponbideari. Dena den, ezin ditugu gauzak nahasi; alegia, adostasunik eza ez da aitzakia legeak esaten duenaren aurkako neurriekin segitzeko. Horrek ez du giza eskubideen urratzea justifikatzen. Eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ere esana du hori, Espainiako Estatuak entzungor segitzen duen arren. Gainera, ezin dezakegu ahaztu Europar Batasuneko herrialdeek badutela Europako organoei legearen interpretazioaz galdetzeko aukera, besteak beste, arauak ondo aplikatzen diharduen jakin gura badu. Baina ez du egiten. Ez omen zaio komeni. Finean, euren intereserako erabiltzen dituzte euskal presoak. Eta legearen aurkakoa da hori.
Dispertsioaren kontua aipatu duzu. Hori da orain arte indar handien izan duen aldarria.
Bai. Baina esan beharra dago irtenbiderako bitarteko bat besterik ez litzatekeela presoen sakabanaketa bukatzea. Ostera, egongo litzateke auziari asko lagunduko liokeen neurririk: estatuek legea betetzea, adibidez. Beraz, sinplea da soluzioa. Dispertsioa bukatzea ez ezik, kondena pilaketa onartzea eta gaixo dauden presoak askatzea ekarriko luke horrek. Azken finean, jakin badakite legea aplikatuz gero, guztiz ezberdina litzatekeen espetxe politika luketela martxan. Badakite zer egin behar den; orain, egitea dagokie, besterik ez.
Eta aipatu duzun salbuespen egoerak luze joko du?
Ez dut uste; ez nuke esango salbuespen egoerak oraindik ere bide luzea lukeela egiteke. Nire ustez, laster iritsiko da Europaren abisua, Espainiako auzitegiek egiten dihardutena bertako zuzentarauen eta giza eskubideen bueltako hitzarmenen kontrakoa dela esanez. Horri dagokionez, esan dezakegu presoek badakitela hori, eta, beraz, hasiak direla euren kasuak Europako organoetara eramaten, bakarka. Beste bide bat litzateke, ostera, auzia kolektiboki eramatea, baina, gaur-gaurkoz, agian, ez luke eragin handirik izango.
Bestetik, preso gaixoen auzia aipatu duzu. Ibon Iparragirre ondarrutarra Arrasateko Aita Menni ospitalera eramango dute.
Neurri horrekin ez da aski. Presoa Aita Menni ospitalera eramatea –eta hirugarren gradua aplikatzea– legez kontrakoa dela esan dezakegu; Iparragirrek ez luke atxilo segi behar, larriki gaixo baitago. Libre egoteko eskubidea du; Kode Penalak argi dio hori. Esan daiteke, beraz, politikoki erabiltzen dihardutela Iparragirreren egoera, haren eskubideen aurka jardunez.
Baina, atzera begira, izan da preso gaixoa bere etxera joatea ahalbidetu duen erabakirik. Hor dago Josu Uribetxeberriaren kasua.
Esan bezala, Iparragirre Aita Mennira eramatea erabaki politikoa litzateke. Krudela da egoera. Ezin da hiltzeko zorian dagoen pertsona preso mantendu. Eta Europan badakite hori, jakitun dira egoeraren krudeltasunaz. Bestalde, esan beharra dago kezkagarria dela eskubide hori urratzen duten horiek auzitegiak izatea; izatez, gure eskubideak babestea dute xede. Bada, eurek ez badute egiten, nork babestuko ditu gure eskubideak?
Herrialde ezberdinetan eginiko kartzela urteen pilaketa ere aipatu duzu. Espainiako eta Frantziako estatuek ez dute jarrera bera horri dagokionez.
Hala da. Frantziako Estatuan, ohikoenean, onartzen da herrialde ezberdinetan igarotako kartzela urteak pilatzea. Espainiako Estatuan, ostera, bestelakoa da panorama: esan bezala, Auzitegi Gorenak onartzearen alde egin zuen bere garaian, baina Parlamentuak lege berri bat atera zuen, hura indargabetzeko. Ostean, ezezkoa esan zuen Auzitegi Gorenak. Jarrera irauli zuen, beraz. Aipatu bezala, espainiarrek legea zuzen aplikatzen diharduten galdetu beharko liokete Europari. Ez dute egiten, badakitelako oker dabiltzala.
Eta, kondena pilaketari dagokionez, zer espero daiteke aurrera begira?
Kondena pilaketari dagokionez, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak arrazoia eman behar lieke presoei; hori espero daiteke, behintzat. Hori gertatzekotan, bada, Europaren erabakia errespetatu eta aplikatu beharko lukete Espainiako auzitegiek. Baina, bien bitartean, kartzelan segitzen dute presoek. Ezin dugu hori ahaztu.
Orduan, Europar Batasunak esan diezaioke zerbait Espainiako Estatuari?
Gaur arte, Europak egin izan du auziaren bueltako adierazpenik. Adibidez, dispertsio politika giza eskubideen aurkakoa dela azaldu zuen bertako Parlamentuak txosten batean. Hori bai, esan beharra dago politikoki astiro doazela gauzak. Baina, mugitu, mugitu da kontua. Esan daiteke etorkizunean auziari buruzko ebazpen gehiago iritsiko direla Europatik. Eta egoera irauli dezakeela horrek.
Baina Europa mailan bada giza eskubideen bueltako hitzarmenik, eta, gaur-gaurkoz, konponbide barik segitzen du presoen egoerak.
Europar Batasunak, berez, ezin dio ezer agindu horren parte den estatuari; bai, ordea, bertako auzitegiek. Kasu horretan, Espainiak halabeharrez errespetatu beharko luke ebazpena –Giza Eskubideen Auzitegiarena, besteak beste-. Dena den, oraindik ez da gisa horretako ebazpenik iritsi. Beraz, oraindik ez da behar moduko aurrekaririk. Hala ere, ezin daiteke uka Europan egon badirela giza eskubideen bueltako itun esanguratsuak; nahiz eta horrek ez duen horien errespetua bermatu. Beste modu batera esanda: Espainiako Estatuko agintariek eta auzitegiek ez dituzte hitzarmen horiek errespetatu. Egoerak ezin du bere horretan segi; eta lana egin beharra dago horretarako, eskubide horiek errespeta daitezen exijitzeko. Besteak beste, beharrezkoa da herriak horren kontzientzia hartzea, alderdikerietan erori barik.
Oro har, nola ikusten duzu etorkizuna?
Baikorki begiratzen diot etorkizunari. Baina, esandakoa, giza eskubideak errespeta daitezen, ez da aski itxarotearekin; ezta eskatzearekin ere. Adibidez, lan politikoa egin beharra dago, auzia ahalik eta eremu gehienetara zabalduz; munduko parlamentuek eta auzitegiek euskal preso politikoen egoera ezagutu beharra dute. Eta, horrez gain, beharrezkoa da gizartearen kontzientziazioa. Horiek lirateke, hain zuzen ere, eman behar genituzkeen hurrengo pausoak.
Urtero legez, euskal presoen eskubideak errespeta daitezen eskatuko dute urtarrilaren 13an Bilbon. Halakoek laguntzen dute?
Garrantzitsua da mobilizazioari jarraipena ematea, orain arte bezala segitzea. Duela sei urte pasa, guztiz aldatu zen Euskal Herriko egoera politikoa –ETAk bere jarduera armatua etetea erabaki zuen–. Orain, bada, herri mobilizazioa piztu beharra dugu, kontzientziak astindu. Esaterako, euskal presoek nabari beharra dute ez daudela bakarrik; eta, era berean, botere publikoek jakin behar dute gure gizarteak ez duela giza eskubideak urratzea onartzen. Aurrekoez gain, munduko gizarteari argi adierazi behar diogu kexu garela egoeraz, ez dutela gure babesik. Baina, argi, ez baita komeni aldarria egun bakarrera mugatzea; egunerokotasunean jardun behar dugu lanean. Finean, halakoek balio dute auzia bera atzerrian hedatzeko. Espainiako hedabideen hesia gainditzea errazagoa da orain, teknologia berriekin; aukera aprobetxatu beharra dugu, horrenbestez; auzia mugaz gaindi zabaldu.