Aretxabaletako entseguak zapatuan egingo dituzte Arkupen, goizez, 10:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 15:00etatik 18:00etara. Eskoriatzan, berriz, domeka honetan, 11:00etatik 13:00etara bitartean, Zaldibar antzokian egingo dituzte entseguak.
Zozketa bidez egokitu zaizkie kantuak, eta garrantzitsua izango da entsegu egunerako umeek euren kantuaren letra eta dantza ondo ikasita eroatea. Hala, bertan errepaso bat egingo dute, aholku batzuk emango zaizkie grabaketa egunera begira, zalantzak argitu… eta dena prest utziko dute ikuskizun egun handirako. Eskoriatzako eta Aretxabaletako parte-hartzaileen grabaketak urtarrilaren 20an, zapatuan –5 saio–, eta 21ean, domekan –4 saio–, egingo dira, Zaraia aretoan, Arkupen, arratsaldez.