Disko berriarekin ari zarete.
Hori da. Urtarrila grabatzen pasako dugu, eta Kolonbiara disko berriarekin itzuliko gara. Gero, masterizatu eta hori guztia egin ostean, espero dugu maiatzerako argitaratzea, eta irailean Europara itzuliko gara, disko berria aurkeztera.
Ze izen izango du zuen zortzigarren lana izango den horrek?
Oraingoz, Lluvias de Marte. Baina, agian, aldatu egingo dugu. Oso pozik gaude Euskal Herrian jendeak eskaini digun arreta adeitsuagatik. Oso gustura sentitzen gara hemen, eta, agian, euskarazko hitz bat erabiliko dugu, nolabaiteko omenaldia egiteko Euskal Herriari.
Nola definituko zenuke egiten duzuen musika?
Esan daiteke kolonbiar rockaren aitzindariak garela. Izan ere, gure taldea sortu zenean (1992), rocka lantzen zuten oso talde gutxi zeuden Kolonbian, eta gure ostean, boom handia gertatu zen, talde ugari sortzen hasi ziren. Rocka lantzen dugu, baina barrutik datorkigun etxeko musikarekin ere hainbat fusio egiten dugu. Horregatik diogu rock kolonbiarra egiten dugula. Influentzia tropikala daukagula uste dut. Letrari ere garrantzi handia ematen diogu. Ardura sozial handiko letrak ditugu. Arlo sozialean, justizia egon dadila aldarrikatzen dugu, gure ardura nagusia hori da.
Zergatik ari zarete hemen grabatzen?
90eko hamarkadan gure erreferentzia nagusiak izan ziren Negu Gorriak eta Kortatu. Fermin Muguruzarekin ere kontaktuan egon ginen garai hartan. Sentitzen dugu musika haren tendentzia bera duela gure musikak ere. Beraz, euskal rockaren soinu efektua lortzeko helburuarekin, hainbat estudio aztertu ditugu, eta, azkenean, Higain estudioa aukeratu dugu.
Kontzerturako gogotsu?
Oso motibatuta. Festa hutsa izango da kontzertua eta festa hori ahalik eta herritar gehienekin partekatu gura dugu.