Opari denak paperean bilduta ez datozelako

Julen Iriondo 2018ko urt. 6a, 12:42
Sustrai Colina kantuan eta beste hainbat atzean, bart Zubikoan.

Oparia, horixe izan da bart Oñatiko Zubikoako frontoia bete duen bertso zaleak jasotakoa; Txinparta bertso eskolaren eta BECeko finalistetako zazpiren –Unai Agirre falta zen; ezin zuen egon– oparia. Azken aldietako ohiturari jarraitu eta Txapelketa Nagusiko finalistak ekarri zituzten kantura, eta saio ederra egin zuten, Mirari Sagartzazuk jarritako gai benetan egokiekin.

BECeko finalaren biharamunetan zetorren aurten Oñatiko Errege bezperako saioa, eta hango finalistetako zazpi kantuan izanda, gaietan ere igarri behar zen hori; hasiera-hasieratik. Bertsolari guztientzako bertso baterako gaia izan zen txapelketa hitza, eta bakoitzak egokitu zitzaion sentimendu baten ikuspuntutik kantatu behar izan zion hitz horri. Ale politak utzi zituen aurreneko ariketak, gauean zehar etor zitekeenaren erakusle.

Halaxe, etorkizunera begira bizi denaren paperean jarri zuen Sagartzazuk Aitor Mendiluze laster, iraganari so geratu ohi den Igor Elortzarekin kantuan. Bertsoaldi polita joan zen: ...nik atzera begira denbora gehiena / neure oinarri baitut behin izan nintzena / ta zuk, berriz, agian izan zintezkena bota zion ironiaz Elortzak Mendiluzeri, eta hark erantzun: ...zuretzat lehen izanak zenbat kategori / nostalgia deituta ez zabiltza ongi / bihar ez izateko beldurra da hori.

Elortzarekin Sarriegik ere saio bikaina egin zuen gai jartzaileak Txapelketa Nagusia uzteko arrazoiak eskatu zizkienean; arrazoi askorik azaldu ez zuten arren, argi utzi zuten biek iragarritakoa beteko dutela, puntuka galde-erantzuteko formatuan: Oraintxe ari zinen zeure onenean Elortzak, eta utzi behar da goian egoten denean Sarriegik.

Goierritarra eta Gaztelumendi ere primeran, Gaztelumendiren gurasoek –bat Sarriegi– emantzipatzea erabaki dutela-eta, Beñat etxeko maizter bakar geratuta: ...pentsatu omen dezute etxetik joatea / ez dezute ba nahiko paga ematea, esan zien gurasoei.

Zubikoako saioak hiru bakarkako polit ere utzi zituen; ez, noski, txapelketako neurri eta arriskuekin, baina politak. Colinak, adibidez, Gabonetan urtero jaso ohi duen postala aurten jaso ez duela-eta: azken urteetan hura jasotzea "opari onena" izaten zela esan zuen lehenengoan; bigarrenean argitu zuen kartzelatik bidalitakoa izaten zela postal hura; eta hirugarrenean: Eltzea hustu ta mahai gainera atera dugu txuleta / ardo onari trago eman ta bizitu elkarrizketa / oroitzapenen munduan sartu zenbat jira zenbat buelta / postal zaharrak eskutan hartu kajoian zeuden gordeta / beti postala bialtzen zidana aurrez aurre daukat eta.

Deserriari kantatu behar izan zion Arzallusek: ...hemengo izaten utzi ez-eta hangoa ere ezin izan, ...eta zein zuhaitz bizi liteke hain egoera tristean / sustraiak leku batean eta adar-frutuak bestean, eta ...ta itzuliko balira ere hau asko aldatu da, ai! / ta deserriak behin jantziz gero betiko soinean darrai / geografiaz kanpo zabiltza denboraz kanpo ere bai bota zuen bertsoz bertso Arzallusek.

Lujanbiori, berriz, behar bereziak dituen seme edo alabaren guraso papera jarri zioten, eta adina heltzean ume izandakoak lan egin nahi duela esan diola-eta: betiko ume izango zelakoan etsita zegoela esan zuen aurrenekoan; lanean hasteko gogoarekin gurasoei "lezio ederra" eman ziela bigarrenean; berezi izateari karga ezkorra kendu eta baikortasunez janzteko amaierakoan: ...etzazu galdu zure sinesmen, harrotasun eta senik / edonork ere ezin du esan eta berezia denik.

Eta umore gehiago ere izan zuen saioak: Sarriegi eta Lujanbio, bizi artean elkarren etsai, hildakoan bata bestearen ondoan lurperatu zituztela-eta; bertsolariak greban zeudela-eta, Sagartzazuk arrazoiak eskatuta, kantatzeari uko egin eta berriz aulkian jarri zirenean Mendiluze, Colina eta Elortza –gero kantatu zuten, "zerbitzu minimo" moduan, Elortzak errimatu gabe edo azken oina kenduta, adibidez–; Sarriegi eta Mendiluze irakasleek –hala dira benetan– aurrean zituzten Txinparta bertso eskolako ikasleak ebaluatzean, horiek barrez lehertarazteraino...

...eta beste bostak Oñatiko produktuz osatutako saskia, Beñat Gaztelumendiren esku inozente bidez, egokitu zitzaiona jomugan jarrita puntuka ibili zirenean ere bai.

Azkenean, denak gustura, zaleak saio dotorea entzunda pozik, eta ohiko plazan beti ikusten ez den irudia, bertsolariak harmailari txaloak itzuliz, oñatiarren harrera goxoagatik. Gaur goizean zapata ondoan oparirik ez zutenak ere ez ziren haserre izango, atzo Zubikoan egon baziren.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak