Felipe Juan: "Obra ez bada konpartitzen, ez dauka zentzurik"

Maider Arregi 2018ko urt. 5a, 08:00

Felipe Juan margolari kanariarrak 20 urte daramatza erakusketak egiten. Antzuolako Aitz Garbi tabernara sinbologiaz beteriko lan sorta baten erreprodukzioak eraman ditu. Urtarrilaren 24ra arte ikusgai daude.

Bartzelonan eta Madrilgo aretoetan lanak erakutsi ostean, Kanariar uhartetik irten eta Antzuolan egin berri du geldiunea Felipe Juan artistak.

Oso lan sinbolikoa ekarri duzu Antzuolara.

Bai; gai batean oinarrituta, sinbologia lantzen dut. Antzuolan ikusgai jarri ditudanak, baina, lan sorta horietako erreprodukzioak dira. Tamaina txikiagoa duten arren, oihalean landutako lanak dira; ia-ia originalak.

Uhartetik irten eta penintsulara salto egitea kosta egin zaizu?

Bai. Guretzako, ez da horren erraza eta egiten ditugun margolanak erakusteko aukera ere murritzagoa daukagu. Tamaina txikiagoko erreprodukzio hauek asko lagundu didate bidaiatzeko orduan.

Antzuolan erakusteko aukera nola sortu zitzaizun?

Beti gura izan dut penintsularen iparraldea ezagutu; ez nuen Euskal Herria ezagutzen. Antzuolaren berri izan nuen Kanarietan ezagutu dudan kontaktu bati esker. Eta hortik jaio zen erakusketa egitearen ideia. Familiarekin izan berri naiz abenduan eta erakusketa bisitatzeko aukera ere izan dut.

Eta ze inpresio daramazu Euskal Herritik? Inspiratu zaitu?

Antzuolan, Arantzazun, Donostian, Bilbon eta Gasteizen izan gara. Sorpresa hartu zuten, esaterako, erakusketara joan eta bertan ikusi ninduten antzuolarrek. Oso aberasgarria izan zen niretzako. Esan ere, haluzinatu egin nuela Arantzazuko basilikako kriptako margolanekin. Txundituta geratu nintzen. Altxor hori topatzea ingurune horretan ikaragarria izan da. Kontraste handiko paraje naturala eta artistikoa dago. Elizaren bat dekoratu izan dut Kanarietan, baina Arantzazun bizitakoarekin asko identifikatu naiz eta garbi izan ideiaren bat buruan ere ekarri dudala bueltan.

Zer iruditu zaizu artea kalera ateratzea? Kasu honetan, taberna batean ikusgai jartzea?

Ezinbestekoa da lanak kalera ateratzea jendearengana hurbiltzeko. Lan eta sorkuntza baten garapena ikuslearengana iristen denean amaitzen da. Ibilbidearen parte da ikuslea, eta ez bada lana konpartitzen ez daukala zentzurik esatera ere ausartuko nintzateke.

25 lan Aitz Garbi tabernan ikusgai

Urtarrilaren 24ra arte ikusgai izango dira Felipe Juan artista kanariarraren margolanak Aitz Garbin –tabernako ordutegian–. "Ez dira ehuneko ehunean lan originalak. Hau da, lan originaletatik hartutako zatiak dira; oihal gainean detaileak erreproduzitu eta landu ditut neurri txikiagoan. Garraiatzeko ere erosoagoa da eta, gainera, saltzeko garaian ere prezio eskuragarriagoa dute", nabarmendu du Kanaria Handiko artistak. Teknika mistoa erabili du eta kolore biziak dituzte oinarri: berdeak, horiak, urdinak, gorriak eta arrosak. "Norbaiti lanen bat gustatzen bazaio eskuragarri izango du, gainera. Beti etortzen da ondo bidaia gastuak-eta estaltzeko; kar-kar", esan du margolariak. Informazio gehiago artistaren webgunean izango dute interesa dutenek: www.felipejuan.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak