Uxue Arzelus donostiarrak irabazi du 'Karmele Igartua' sorkuntza beka

Mirari Altube Arrese 2017ko abe. 30a, 13:10

Bergarako Idazle Eskolak eta Aretxabaletako Udalak –Laboral Kutxa, Ekide eta Copreciren laguntzarekin– elkarrekin deitutako Karmele Igartua sorkuntza bekaren zazpigarren edizioan film laburrendako gidoiak eskatu zituzten eta saria, 2.500 euro, Uxue Arzelus donostiarrak jaso du Paris lanagatik. Aipamen berezia, ostera, Alaitz Olaizola azpeitiarrarendako izan da.

Epaimahaiko kide izan den Pako Aristi idazleak eman du horren berri gaur, abenduak 30, Arkupen. "Hogei lan jaso ditugu, eta maila oso ona erakutsi dute guztiek", adierazi du eta gaineratu: "Aitzindaria izan da, gidoiak saritzen dituen lehiaketa oso gutxi daudelako". Jasotako hogei lanetatik bi dokumentalak izan dira.

Lan guztien artetik bi gailendu direla ere adierazi du Aristik epaimahaiko gainerako kideen izenean, Itziar Gomez gidoigilea eta Iñaki Zubeldia idazlea: "Biek erakutsi dute oso maila altua eta parekoa, baina bat hautatu behar". Hain zuzen horregatik diru saririk gabeko aipamen berezia eman diote Alaitz Olaizolak idatzitako 218 lanari. "Originaltasuna, kontakizunaren interesa, euskara dotorea eta zorrotza besteak beste hartu dira kontuan aipamena egiterakoan", zioen Aristik. Olaizola hain zuzen, iazko sorkuntza bekaren irabazlea da, haurrendako antzerkia idatzi zuen orduan: "Antzerkigintzan jarduten dut nik eta lehenengoz egin dut gidoi bat, baina gozatu egin dut", zioen aipamena jasotzerakoan.

Zinema ikasketak

Sari nagusia Uxue Arzelusen Paris lanak jaso du. "Kasu honetan ere obraren originaltasuna hartu da kontuan, pertsonaiaren borobiltasuna, garapen dramatikoa, euskararen egokitasuna eta grabatu ahal izateko eskaintzen duen aukera", jakinarazi du Aristik. Saritutako bi lanen antzekotasuna aipatzerakoan protagonistak ere aipatu ditu epaimahaiko kideak, biak emakumeak. 

Honela laburbiltzen du donostiarrak bere gidoia: "50 urte inguruko emakume postari baten bizitza kontatzen du. Bakarrik bizi da eta nahiko bizitza monotonoa dauka, bere bi katuekin. Egunero errutina bera jarraitzen du eta bere bizitza horretara mugatzen da. Etxetik lanera eta lanetik etxera. Egun batean, postal bat ikusten du, arreta pizten diona. Parisen bizi den seme batek bere amari bidalitako postala da. Ondo pentsatu ostean, irakurtzea erabakitzen du eta ordutik aurrera, astero irakurtzen du seme horrek amari bidalitako postala. Parisengatik interesatzen hasten da, bere bizitzarekin alderatuta, oso desberdina delako, eta zenbait bidaia planteatzen hasten da. Nola aldatu dezakeen bere bizitza halako txikikeria batek...".

Paris, je taime izeneko pelikulatik hartu du pertsonaia. "Zuzendari ezberdinek egindako hainbat film labur dira, Parisen kokatuta daudenak. Horietako batek emakume estatubatuar baten istorioa kontatzen du, Parisera joan dena eta bere familiari gutun bat bidaltzen diona, Parisko egonaldia kontatuz. Emakume horren nolabaiteko aurreko bizitza kontatu nahi nuen, "azaldu du. Aitortu du ez zuela espero saria jasotzerik. "Bere garaian, lagun batek bidali zidan beka honen inguruko informazioa, eta, nik gidoiak idazten ditudanez, lan bat aurkeztea erabaki nuen, baina zeharo ahaztuta neukan; ezustean harrapatu nau".

Zinema ikasketak ditu eginak Arzelusek eta gidoigintzan jarduten du. torkizun batean, gidoi hori film labur bilakatuta ikusi nahiko luke Arzelusek. "Gustatzen zaidan gidoi bat da eta polita izango litzateke gauzatzea. Hala ere, orain ez daukat denbora handirik horrekin jartzeko", dio.

Karmele Igartuaren senideak eta Kurtzebarri eskolako kideak ere izan dira ekitaldi xume baina goxoan. Eta 2018ko sorkuntza bekaren gaiaren berri eman dute bukatu aurretik: helduendako poesia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak