Era berean, jakinarazi du garraiolariek ezingo dutela diruz ordaindu Irungo ordainlekuan, "kanonaren ordainketaren funtzionamendu egokia finkatzeko, zirkulazioaren segurtasuna eta fluxua bermatzeko, eta zirkulazioari ahalik eta gutxien eragiteko".
Sistema abian jartzen denean, Irungo ordainlekuan diruz ordaintzen duten garraiolariei informazio liburuxka bat eta tiket bat emango zaizkie, "non jakinaraziko zaien trantsizio aldi batean daudela eta free-flow sistemarekin bateragarria den ordainarazpen bitarteko batekin uztartu behar dutela kamioia, hau da, banku txartel batekin edo Via T gailuarekin", Oiarbidek azaldu duenez.
Gehitu duenez, gaur egun, garraiolarien % 2,5ek bakarrik ordaintzen dute dirutan, eta urtarrilaren 9tik aurrera, hau da, AT sistema abian jarriko den egunetik aurrera, "garraiolariek hilabeteko epea izango dute Irungo ordainlekuan diruz ordaintzea debekatu baino lehen". Diputatuak gogorarazi du egiten diren joan-etorrien %92an bateragarria den Via T gailua erabiltzen dela, eta % 5,4k kontu korronte bati uztartuta dagoen txartel baten bidez ordaintzen duela; "beraz, horietako inork ez du alta eman beharko sisteman, eta kanona automatikoki kobratuko zaio sistema indarrean sartzen denean", Oiarbideren esametan.
Garraiolariak erregistratu egin behar dira
Bidesari berria laster ezartzekoa denez, Bide Azpiegituretako diputatuak azpimarratu du garraiolariak erregistratu egin behar direla: "Via T sistemarekin bateragarri den gailurik ez badute, ibilbidea N-I eta A-15 errepideetan barrena egiten duten garraiolariek erregistratu beharra izango dute. Batetik, Bidegiren webgunean –www.bidegi.eus–, urtarrilaren 3an aktibatuko dena; edo, bestetik, errepide sarean horretarako jarriko diren bost kioskoetakoren batean. "Lehenengo egunetan, kiosko horiek jarriko diren lekuetan langileak egongo dira informazioa emateko eta garraiolariei erregistratzen laguntzeko", jakinarazi du Oiarbide diputatuak.
Kioskoak puntu hauetan kokatuko dira: Oiartzungo zerbitzugunean (AP-8), bi noranzkoetan; Aritzetako bezeroaren arretarako gunean (GI-20); Alegiako zerbitzugunean, Gasteizerako noranzkoan (N-I), eta Etzegarateko zerbitzugunean. Garraiolariak bere datuak eta ordaintzeko modua sartu beharko ditu, eta erregistratuta geratuko da momentuan. AP-8 eta AP-1 errepideetarako Via T sistema duten garraiolariek ez dute tramiterik egin beharko, gailu hori bateragarria izango baita sistema berriarekin.