ELAk eta LABek enpleguaren aldeko apustua egiteko eskatu diete Edesari, Fagorri eta Jaurlaritzari

Monika Belastegi Aranzabal 2017ko abe. 28a, 08:53

Bi sindikatuen ustez, "instituzioek eta enpresek ehunka familia utzi ditzakete kalean". Horren aurrean, honakoa exijitzen dute, besteak beste: "Edesa Industrialek, Fagor S. Coop-ek eta Jaurlaritzak, enpresan ordezkaritza duten sindikatuokin lan taldea osatzea, etorkizun industriala bermatuko duen proiektua bultzatzeko helburuarekin".

Sindikatuek helarazitako prentsa oharrean gehitzen dutenez, "lan talde horri enpresaren egoera erreala igorri behar zaio". Horrekin batera, talde horren osaketak "aldaketa bat" suposatuko lukeela uste dute, "Edesaren gainbehera ekiditzeko lehen urratsak" izango liratekeelako, euren iritziz.

Sindikatuen arabera, etorkizuneko proiektu industriala bermatzeko "beharrezkoak izango dira guzion interesak uztartzea: enpresarenak, markarenak eta langileenak, azken horien lanpostuak eta lan baldintzak defendatuz".

Gardentasun falta

Azken boladan proiektu enpresarialen ezaugarri nagusia "gardentasun falta" dela ere salatzen dute oharrean. "Enpresa hauen kulturan elite gutxi batzuk bakarrik ezagutu dezakete benetako egoera. Testuinguru horretan gertatu zen aurreko Fagorren porrota", esan dute. Eta orain, "Fagorren ondorengoak, Cataren bitartez eta Edesa Industrial izenarekin, gardentasun falta berdinarekin" jarraitu duela uste dute. Eta gehitu dute:"Betetzen ez diren etorkizunerako planak aurkezten dira, seriotasunik gabeko proiektuak aurkezten dira, eta lotsarik gabe, gauza bat eta bere kontrakoa defendatzen dute".

Eusko Jaurlaritzaren jarrera ere salatu dute: "Proiektu industrial serioak bultzatu beharko lituzkeen Gasteizko gobernuak, enpresa hau gainbeherara eraman duten zuzendaritzak babesten jarraitu du. Egia esan, gardentasun falta, eliteek egiten duten kudeaketa, enpresarien inpunitatea eta langileei bizkarra emateko kultura da azken aldian Industria Sailak egiten duena. Beraz, ezin Edesak administrazioaren presiorik jaso".

Amica talde poloniarraren plan industrialari ere egin diote erreferentzia: "Berriro ere, langileen ordezkariei berri eman aurretik, komunikabideetara zabaldu dute. Egun batzuk beranduago jakin izan dugu Mondragon korporazioak epaitegi merkantilean Fagor marka berreskuratzeko eskaera judiziala egin duela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak