Foru erakundeak 856,5 milioi euroko gastua aurreikusi du datorren urterako, "aurten baino %2,22 gehiago" Olanoren esanetan. Aurrekontuen onarpenari buruzko irakurketa positiboa egin du horrek, eta ardatz nagusiak gizarte politika, ekonomia sustapena, etorkizuneko politikak eta zerga iruzurraren aurkako borroka direla zehaztu du. Legealdia hasi zenetik hain zuzen, %15 hazi dela Gipuzkoako Foru Aldundiak egiten duen gizarte politiketako gastua adierazi du: "Datorren urtean, aurten bezala, Gipuzkoako inoizko aurrekonturik sozialena izango du".
Ekonomia sustapena dela oraindik ere Foru Aldundiaren apustu nagusia ere adierazi du, "zerbitzu publikoen jasangarritasuna bermatzeko". Aurrekontu proiektuaren hirugarren zutabea, ostera, Etorkizuna Eraikiz programaren bidez gauzatzen dabiltzan "etorkizuneko politikak" dira. Olanok azaldu du, 2018an 10,4 milioi euro bideratuko direla esparru horren baitako proiektu estrategikoetara, hala nola, Gipuzkoako zibersegurtasun industrialeko zentro aurreratura eta Pasaiako mendekotasuna eta zahartzaroaren arreta zentrora.
EH Bilduren esanetan "norabide okerrean"
EH Bilduk aurka bozkatu du eta adierazi du 2018rako aurrekontu proiektua "norabide okerrean" doala eta "murrizketa sozialetan" sakontzen duela: "Kontra bozkatu du Batzar Nagusietan, proiektu txarra delako eta gabezi larriak dituelako Gizarte Politiketan, ekonomia eta mugikortasun jasangarriaren sustapenean". Xabier Olano bozeramaileak zera gaineratu du: "Kezka handiz eta larritasunez ikusten dugu zaintzen arloan aurrekontu propioaren pisua % 21,5etik % 19,3ra jaitsi izatea".
Ekonomia sustatuz enplegu duina sortzeko ahalegina "motz" gelditzen dela ere esan du Olanok, eta gogoratu du "urtero, 350 milioi doaz Gipuzkoatik Madrilera, behar ez dugun eta nahi ez dugun Kupoa ordaintzera".
Podemos-Ahal Dugu ere aurka
Podemos-Ahal Duguk ere aurrekontuen aurka bozkatu du. Juantxo Iturria bozeramaileak adierazi du ez dela ona gipuzkoarrentzat, ezta lurraldeko Gizarte Zerbitzuendako ere, "murrizketak" dituztelako. Eta gaineratu du 200 zuzenketa baino gehiago aurkeztu zituztela "hobekuntzak egiteko" eta atzera bota zituela horiek foru gobernuak.