Eidabe antzerki taldeak duela hilabete estreinatu zuen ZuTuberrak antzezlana, Bilbon. Galder Perezek zuzentzen du, eta Olatz Pagalday eskoriatzarra eta Jon Zubiaga Osoron arrasatearra dira protagonistak.
Euskararen normalizazioaz edo kontzientziazioaz aritzea eta horren gainean gogoeta sorraraztea da antzezlanaren helburua. Orain arte sei emanaldi eskaini dituzte eta gustura ari dira, Pagaldayren esanetan. "Harrera ona izan du antzezlanak, jendeak gustura geratu dela adierazi digu, eta gu ere pozik gaude orain artekoarekin. Jon eta biok aspaldiko lagunak gara, elkarrekin ikasi dugu eta zenbait proiektu ere elkarrekin egin ditugu, eta horrek, hain zuzen, abantaila handia ematen digu antzezteko orduan", adierazi du eskoriatzarrak.
Bi pertsonaia
"Antzinakoa den gure hizkuntza, euskara, garaikidea eta modernoa den giro zibernetikoan sartzen da antzezlanean", Pagaldayren esanetan. Bi pertsonaiaren istorio bat kontatzen du antzezlanak: "Bits –Pagalday– eta Gor –Osoron– gazte alai eta aktiboak dira. Txip aldaketa jolasean ariko dira: robotak balira bezala, burmuinean txip berria sartzen, bakoitzak gogoko duen dohaina aukeratzeko. Gor-ek indarra hautatuko du. Bits-ek, aldiz, hitzak aukeratuko ditu, eta, hitzei esker, trebetasun handia izango du rap abeslari moduan. Ondorioz, sekulako arrakasta izango du sarean, Youtuben. Gor-ek, inbidiak jota, hitzak gordetzen dituen txipa ezabatuko dio Bits-i. Ezin du rapeatu orain, hitzik gabe galduta dago. Hizkuntza ezabatuko baligute, zer?".
Pagaldayk dio istorioan euskaldunok bizi izan ditugun egoera asko islatzen direla. "Ikusle asko identifikatuta sentitzen dira antzezlana ikustean. Hain zuzen ere, hori da bilatzen duguna, gogoeta hori egin dezaten", gaineratu du.
Sarrerak hiru euro
Leihatilan erosi ahal izango dira sarrerak, hiru eurotan. "Animatu zaitezte. Dinamikoa, freskoa eta erakargarria da antzezlana, familia giroan disfrutatzekoa", bukatu du Pagaldayk.