Arte desberdinek ere osa dezakete artxipelago bat

Eneko Azurmendi 2017ko abe. 22a, 10:56
'Artxipielagoa' emanaldia, Oñatiko Santa Ana antzokian, maiatzean

Musika, bertsolaritza, narrazioa, abestia eta bideo-proiekzioak uztartzen dituen Artxipielagoa emanaldia eskainiko dute bihar –zapatua– 20:00etan, Amaia antzokian, Arrasateko Udalak eta Santamas Komisiñoak elkarlanean antolatuta.

Ainhoa Garmendia sopranoak, Pello Ramirez txelo eta eskusoinu-jotzaileak, Garikoitz Mendizabal txistulariak, German Ormazabal piano-jotzaileak, Andoni Egaña bertsolariak eta Belen Ibarrola artistak osatzen dute Artxipielagoa emanaldia. Hau da, arte ezberdinak uztartzen dituen ikuskizuna da. "Artxipelagoak badu ezaugarri hori. Irla txiki asko dira, baina osotasun bat lortzen dute guztien artean. Elkartzen ditu bereizten dituenak. Kasu honetan, sormena izango litzateke itsasoa", azaldu du Andoni Egaña bertsolariak.

Artxipielagoa sortzeko lehenengo ideia German Ormazabal piano-joleak izan zuen eta hark pentsatu zuen zein elementuk osatuko luketen artxipelago hori. "Urte honen hasieran hasi ginen elkartzen. Pixkanaka, emanaldia lantzen joan ginen, bakoitzak ze ekarpen egin zezakeen aztertuz", dio Ramirezek. Emaitza berehala azaleratu zen. Izan ere, apirilean estreinatu zuten emanaldia, Iruñean, eta ordutik hona hainbat tokitan eskaini dute –Oñatin ere bai, maiatzean–. Seikotearen arteko harremana "oso ona" dela azpimarratu dute, eta orain arte emandakoarekin gustura azaldu dira. "Guztion arteko harremana oso atsegina da, eta bakoitzak askatasuna du bere ekarpena egiteko", dio Ramirezek. Egañak gaineratu du "oso irla desberdinetakoak" izan arren, "harreman polita" dutela seiek.

Parte-hartzea bultzatuz

Musikari dagokionez, bi zatitan banatzen da emanaldia: batetik, Ainhoa Garmendia sopranoak kantu "klasikoak" abesten ditu, eta, bestetik, kantu "garaikideagoak" egiten dituzte. "Bigarren zati honetan, jendearen parte-hartzea bilatzen dugu. Pantailan kantuen letrak jartzen ditugu eta gure asmoa da jendeak kantatzea", adierazi du Ramirezek. "Emanaldietan lortzen dugu jendeak parte hartzea, eta, alde horretatik, gustura gaude", azpimarratu du Egañak. Publikoari dagokionez, adin eta gustu desberdinetako jendea hurbiltzen dela azaldu dute.

Sarrerak 12 euro

Sarrerak Arrasate.eus webgunean daude salgai, eta leihatilan ere egongo da aukera bihar.

Egaña, "asebeteta" BECen

Andoni Egaña Artxipielagoa emanaldiko kide izanda, eta bihar Arrasatera datorrela baliatuz, pasa den domekan BECen jokatutako 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren gainean galdetu dio GOIENAk. "Asebeteta" geratu zela aitortu du bertsolariak. "Oso final ona izan zen, oro har. Publikoaren jarrera ere txalogarria, antolakuntza bikaina eta Maialenen lana mugaz kanpokoa", adierazi du.

Onartu du Lujanbio "beti" dagoela bere kinieletan. "Izan zezakeen egun txar bat, baina bere egun txar bat ere ona da. Gainera, egun ona izan zuen; beraz... Bere lana estratosferikoa iruditu zitzaidan", nabarmendu du.

Finaleko zortzikoteari dagokionez, "oso maila handiko" bertsolariak direla azaldu du zarauztarrak. "Guztiek dute maila ikaragarria, eta, egia esan, nik final bikaina espero nuen aurretik ere. 2001eko finala erreferentziatzat hartuta, orduko bost bertsolari aritu ziren domekan ere. 2001ean gazte zirenak orain 40 urteren bueltan dabiltza. Esperientzia metatu horrekin guztiorrekin eta ikasten ari diren guztiarekin, pentsatzekoa zen maila handiko finala izatea, eta hala izan zen".

BECeko 14.600 pertsonez gain, telebista bidez 332.000 pertsonak jarraitu zuten finala. "Pozteko datuak dira", dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak