Gabonetako kirol hitzorduak:

Xabier Urtzelai 2017ko abe. 22a, 09:00
Realeko eta Eibarko jokalariak Ibarran, 2011n jokatu zuten torneoan.

Gabonak kirol hitzorduz beteta datoz. Hemen gaurtik, hilak 22, hasita egongo diren lasterketa, lagunarteko, torneo eta bestelakoak.

Eskubaloia: Euskadiko eta Marokoko selekzioak aurrez aurre

Eskubaloiko goi mailako partiduaz gozatzeko aukera egongo da abenduaren 27an, eguaztena, Oñatin (Zubikoa, 18:30). Asobal mailako atsedenaldia aprobetxatuta, Euskal Selekzioaren eta Marokoren arteko partidua antolatu du federazioak, eta, Oñatiko norgehiagokaren ostean, bi talde horiek Lezon jokatuko dute bigarren lagunartekoa, azaroaren 28an. Sarrera 8 euro da –nagusiendako– eta 5 euro, berriz, gazteendako.

Horrekin batera, Euskal Selekzioko zenbait eskubaloi taldek jardungo dute Zubikoan, abenduaren 30ean. Tartean, gazte mailako emakumeek eta mutilek dituzte hitzorduak. Batetik, Errotaberri taldearen kontra jokatuko du emakume taldeak, 17:00etan hasita. Eta, bestetik, 19:00etan hasiko da mutilen partidua; Amenabar Zarautz izango dute aurkari.

Eskubaloia: Atzeratutako partidua bihar Arrasaten

Arrasaten, Ford Mugarrik bihar, zapatua, Siglo XX taldearen kontra jokatuko duen atzeratutako partiduarekin batera beste hitzordu batzuk ere izango dira Gabonetan. Hala, abenduaren 30ean Urolako eskubaloi taldekoekin batera torneoa antolatu dute Arrasaten. 11:00etan infantilek jokatuko dute Zumarragakoen kontra, eta 12:15ean izango da kadeteen txanda.

Eskubaloia: Bergaran, lagunartekoak eta emakumezkoen torneoak

Bergaran, bihar, zapatua, Eskubaloi Egunarekin hasiko dituzte Gabonak. Goizean, infantil, kadete eta gurasoen arteko partiduak jokatuko dituzte, eta arratsaldean beteranoen partiduak izango dituzte, Labegaraietan. Hilaren 27an eta 28an, berriz, emakumezkoen eskubaloi txapelketa egingo dute, eta Durangoko Ibaizabal, Ordizia eta Aloña Mendi gonbidatu dituzte. Hilaren 27an, 10:30ean Ordiziak eta Aloña Mendik jokatuko dute, eta 12:00etan Ibaizabalek eta Bergarak. 28an, berriz, 10:30ean bezperako galtzaileek jokatuko dute, eta 12:00etan irabazleek. Eta, urtarrilaren 7an Eibarko eta Bergarako nesken arteko partiduak aurreikusi dituzte, 10:00etan hasita.

2015ean Eibarrek irabazi zuen Gabonetako txapelketa.

Futbola: Bergarako Gabonetako gazte mailako torneoa gaurtik hasita

Gaur, hilak 22, jokatuko dituzte, Ipintzan, Bergarak antolatzen duen gazte mailako 28. Gabonetako futbol txapelketako finalerdiak. Alavesek eta UDAk jokatuko dute 16:30ean eta Bergarak Reala hartuko du 18:30ean. Finala, berriz, bihar, hilak 23, jokatuko dute. Partidua 16:00etan izango da, Agorrosinen.

Futbola: Gertu dituzte Bixente Etxeandiaren eta 'Txelis'-en omenezko torneoak

Mondrak eta UDAk gertu dituzte kategoria txikiei begira egiten dituzten Gabonetako torneoak. Abenduaren 30ean, Txelisen omenezkoan, infantil mailako talde mordoa batuko dira Mojategin (finala 13:30). Ibarrako futbol zelaian, berriz, abenduaren 26an, 27an, eta 28an –finalak– jokatuko dituzte Etxeandiaren omenezko partiduak. 

Futbola: Reala, Eibar eta Debagoieneko selekzioa, hilaren 30ean Ibarran

Arizmendik antolatzen duen Emakumezkoen Gabonetako Futbol Torneoa egingo dute abenduaren 29an eta 30ean Ibarran. 29an Gipuzkoako klub askotako ordezkariak izango dira kategoria txikietako partiduak jokatzen. Hilaren 30ean, berriz, hiruko torneoa jokatuko dute talde nagusiek (10:30).

Xakea: Arrasate Hiria torneoa 26tik 30era bitartean

Gabonetako oporraldia aprobetxatuta, Arrasate Hiria Xake Torneoak nazioarteko maisuak batuko ditu abenduaren 26tik 30era bitartean Arrasaten. Suitzar erara jokatuko dute torneoa, eta bost txanda izango ditu guztira. Hala, saio guztiak 17:30ean hasiko dituzte, Jose Luis Iñarran duten egoitzan. Irabazleak 650 euro irabaziko ditu. 

Saskibaloia: Ointxe! klubak hainbat hitzordu ditu Gabonetarako

Bihar, hilak 23, Mini Basket Festa Handia ospatuko dute: "Talde askok eman dute izena, arrakastatsua izango da". Abenduaren 28an, berriz, hiruko saskibaloi txapelketa egingo dute eta urtarrilaren 3an emakumezkoen goi mailako partidua izango da: IDK-Araski (19:30). Hitzordu guztiak Iturripen dira.

Saskibaloia: Bergaran, hiruko torneoa frontoian eta infantil mailakoena Labegaraietan

Bergara Saskibaloi Elkarteak hainbat hitzordu prestatu ditu Gabonetarako. Abenduaren 27an –goiz eta arratsalde– kategoria txikiendako hiruko torneoa egingo dute frontoian. Eta bestetik, abenduaren 29an eta 30ean infantil mailako mutilendako eta neskendako egingo dute 8. Bolintxo Okindegia txapelketa.

Saskibaloia: Campusa egingo dute Eskoriatzan

Urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean, Areskok antolatutako Gabonetako campusa egingo dute kiroldegian. 2005-2009 bitartean jaiotako jokalari guztiei dago zuzenduta. Izen-ematea 65 euro da, eta egunero bost euroko saioak egingo dituzte. Gaur, hilak 22, da izena emateko azken eguna (666 82 55 56).

Saskibaloia: Koadrilen arteko txapelketa Oñatin

Aloña Mendikoek antolatuta txapelketa egingo dute Gabonetan. Guztira lau multzo osatuko dituzte, eta lehenengo biek eskuratzen dute kanporaketarako txartela. Zehatz esanda, abenduaren 29ean –egun osoan zehar– eta 30ean –goizean– jokatuko dituzte partiduok. Eta parte hartu gura duenak aurrez eman beharko du izena, saskibaloi saileko kideei jakinaraziz. 

Areto futbola: Euskal Preso Politiko eta errefuxiatuen aldeko torneoa Oñatin

Euskal Preso Politiko eta Errefuxiatuen Lagunak kolektiboak antolatu du herri mailako areto futbol txapelketa. Abenduaren 27ko arratsaldean hasi, eta 03:00ak arte jokatuko dute. 28an, berriz, 08:00etan hasita egongo dira areto futboleko partiduak. Kanporaketa formatuan egingo dute txapelketa. Eta parte hartu gura dutenek aurrez eman behar dute izena, abenduaren 23ra bitartean, Arrano, Boga, Ona edo Ongi tabernetan.

Pilota: Santamasetan, eskuz binakako txapelketa barruan partidua izango da

Gaur, egubakoitza, pilotari profesionalen jaialdia izango da Arrasaten –Uarkapen, 18:00etan hasita–. Eskuz binako txapelketa barruan, Bengoetxea VI.ak eta Larunbek Irribarriaren eta Merino II.aren kontra neurtuko dituzte indarrak. Aurreko partiduan, Retegi Bik eta Jaunarenak Jaka eta Erostarbe izango dituzte aurrean.

Pilota: Hilaren 30ean Bergaran Gabon Saria, eta Pilota Topaketako finalak 31n Antzuolan

Batetik, abenduaren 30ean Gabon Sariko finalak jokatuko dituzte Bergarako frontoian. 16:00etan hasiko dituzte partiduak, eta, lehenengo, barrutan jokatuko dute. Aurten, berriz, Antzuolan jokatuko dituzte Gabonetako Pilota Topaketetako finalak. Abenduaren 31n izango dira partiduak, goizez. 

Pilota: Elgetan abenduaren 31n jokatuko dituzte herri mailako txapelketako finalak

Eskuz binakako txapelketako finalak jokatuko dituzte urteko azkenengo egunean. Partiduak 11:30ean hasiko dituzte.

San Silvestreak hainbat herritan, hilaren 31n

Bergaran, Oñatin, Eskoriatzan eta Aretxabaletan egingo dituzte San Silvestre lasterketak. Informazio gehiago, hemen

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak