Gaur, mila lagunek agurtuko dute urtea korrika eginez

Xabier Urtzelai 2017ko abe. 31a, 08:00

Bergarako San Silvestre Trail lasterketak emakumezkoen parte-hartzea bikoiztuko du, eta, gainera, Maite Maiora eta Oihana Azkorbebeitia izango dira proban. Baina sansilvestreak ez dira Bergaran amaituko, ezta korrika egiteko hitzorduak ere.

Urteko azken eguna korrika eginez amaituko dute debagoiendar askok. 375 lagunek Bergarako San Silvestre Trail lasterketa –Peugeot Etormobil Saria– aukeratu dute, baina asko dira arratsaldean Oñatira, Eskoriatzara edo Aretxabaletara joango direnak.

Bergaran, hasteko, errekor bat hautsiz agurtuko dute 2017a: "Aurtengo edizioan emakumezkoen presentzia areagotu gura izan dugu. Iaz 34 emakumezko izan genituen, eta, kopuru hori handitzeko, bikote mistoen lasterketa ere egitea pentsatu genuen, eta arrakastatsua izan da, guztira 74 emakumezko izango ditugu-eta proban", adierazi du Hankaluzetrail taldeko Josu Letek.

Puntako erreferenteekin batera
San Silvestre trail herri mailako lasterketa da, baina aurten mundu mailan aurrean ibili diren Maite Maiora eta Oihana Azkorbebeitia izango dira irteera puntuan: "Maiora guk gonbidatu genuen, gure babeslearekin ere hartu-emana duelako, eta guretako plazera da bere mailako lasterkari bat irteera puntuan izatea. Pentsa, ZegamaAizkorrin errekorra egin du, Sky Extreme Munduko Kopa eta Overall Munduko Kopa irabazi ditu... Palmares izugarria du.

Eta bestalde, sorpresa pozgarria hartu dugu ikusi dugunean Oihana Azkorbebeitiak izena eman duela lasterketan, Munduko Sky Kopan onenekin batera ibili da lehian eta ez dakigu Bergarara ze asmorekin etorriko den. Bada, konturatu orduko, mundu mailako puntako bi lasterkari izango ditugu gurean, nahiz garbi daukagun zer-nolako lasterketa den gurea: herri mailako lasterketa da". Nagusien lasterketa (12:00) baino ordu erdi lehenago lasterketa solidarioa egingo dute, gaztetxoenei zuzenduta: "Elikagaien bankurako janaria batzea da asmoa, eta janaria ekartzeko eskatuko diegu herritarrei".

San silvestreak Eskoriatzan, Oñatin eta Aretxabaletan

Abenduaren 31n, Eskoriatzan brindisa egingo dute (17:25) Silbestradie-n aurretik, eta goizean gazteendako lasterketak izango dituzte. Aretxabaletan (17:00) mozorrotuta egingo dute korrika eta ordu erdi lehenago gazteendako lasterketa izango dute. Eta, seguruenik, Oñatik batuko du jende gehien irteera puntuan (16:30). Ordu erdi lehenago gazteak lehiatuko dira.

Antzuolan San Esteban krosa, 26an

Datorren martitzenean egingo dute, hilak 26, San Esteban krosa Antzuolan. Hainbat kategoriatako lasterketak egingo dituzte. 17:30ean 5 eta 8 urte bitarteko gaztetxoendako lasterketa egingo dute. 17:45ean, benjaminen, alebinen eta infantilen txanda izango da, eta 18:00etan izango da helduen txanda –kadete mailatik gora–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak