Atzo Gipuzkoako Foru Aldundian egindako agerraldian, erakunde desberdinetako ordezkariek Eden sariaren balorazioa egin zuten. Ekimena Debagoieneko Mankomunitateak, Iraurgi Berritzen eta UGGASAk elkarlanean kudeatzen dute Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetza eta sustapenarekin.
Euskadiko dinamizazio turistikoan aitzindaria den proiektua hainbat gaien inguruan garatzen da: San Inazioren bizitza, bere lana, bere garaia edota XVI. mendea. Debagoieneko Mankomunitateko turismo sailetik adierazi dute proiektuarekin lortu nahi dena: "Ignaziotar Lurraldea-k garapen turistiko jasangarria bultzatu nahi da, hau da, tokiko elkarteen garapena lortu baina beti ikuspegi ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa kontuan edukita".
Eskualdeen baliabideetan oinarrituta dago proiektua eta izaera ezberdineko bisitariei dago zuzenduta: "Helburu nagusia, Euskadiko hiru tenplu esanguratsuenen bisitariak (Loiolako Santutegia, Antioko ermita eta Arantzazuko Santutegia) hiru eskualdetara bideratzea da erakargarriak diren proposamenak eskainiz eta, era berean, Ignaziotar Lurraldeko jomugaren garapen turistiko sostengarri bat bermatuz".
Eden sariak
Europar Batasunak ematen ditu sariak turismo jasangarria eta helmugen bikaintasuna baloratuz (European Destinations of Excellence). Era berean, sariak Europar Batasuneko eskualdeen jardunbide egokien trukerako sare bezala funtzionatzen du. 2006an sortu zen Europar Batasunaren ekimenez, eta 2012az geroztik, bi urtean behin ospatzen da.
Aurtengoa sarien 8. edizioa da; kultur ondare ukigarrian oinarritzen diren proiektuak lehenetsi dira. Ignaziotar Lurraldea proiektuaren kasuan, "antolaketa eredua, garapen turistiko jasangarria, lurraldearen proposamenen etengabeko eguneraketa ibilbide tematikoak proposatuz eta baita ere, Ezkutuko Altxorrak egitaraua" izan dira baloratuak Mankomunitatetik jakinarazi dutenez.
Saria Madrilen banatuko da FITUR azokaren barnean eta ondoren, Bruselan beste ekitaldi bat egingo da martxoaren 22an.