Gabonetan lapurretak areagotu daitezkeela ohartarazi du Ertzaintzak

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko abe. 20a, 19:02

Argazkia: Ophelia photos

Herritarrei Gabonetan adi ibiltzeko gomendatu die Ertzaintzak. "Oporrak eta Eguberriak garai aproposak dira delitu horietarako", horregatik gomendatzen du Ertzaintzak ateetan egon daitezkeen plastikozko markatzaileei edo etxe inguruan ikusmiran dabilen jende arrotzari erreparatzeko etxean lapurretarik egin ez dezaten.

Susmoren bat izaten bada, 112 telefono zenbakira deitzeko gomendatu du Ertzaintzak: "Hobe da alarma faltsu batez arduratzea lapurreta batez arduratzea baino".

Lapurretak eguneko edozein ordutan gerta daitezke, eta dirua, bitxiak eta aparatu informatiko edo ikus-entzunezko txikiak dira gehien lapurtzen diren objektuak. Lapurreta horietako gehienak estatuan batetik bestera dabiltzan talde kriminal ibiltariek egiten dituztela ere esan dute Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik.

"Lapurrek beti modu antzerakoan jokatzen dute"

Berrikuntzaren bat edo beste sartuta, baina etxe lapurrek beti modu bertsuan jarduten dutela jakinarazi du Ertzaintzak: "Hiri eta herri inguruneetan sarrailaren ezkutu babeslea eta zilindroa hausten dituzte, bai eta behatxuloa estali ere lekukorik izan ez dadin. Bestalde, kolpeko sarraila duten ateak irristatzearen metodoaren bidez zabaltzen dituzte, plastikozko xafla bat erabilita". Landa ingurunean edo bizitza bakarreko etxeetan beste formula batzuk erabiltzen dituzte: "Atea edo leihoa palankarekin manipulatuta sartzen dira lapurrak, edo zabaltzeko eskulekutik hurbil dagoen kristala hautsita".

Ertzaintzaren arabera, delinkuentzia tipologia horrek behera egin du pixkana-pixkana azken 5 urteotan, batez ere "herritarrak gehiago kontzientziatuta daudelako eta arduratsuagoak direlako, bai eta Ertzain-etxeek abian jarritako ekintza-plan operatiboen ondorioz ere". Gutxiago bai, baina hala ere, lapurretak egoten dira, horregatik Ertzaintzak urtero ematen dituen gomendioak jarraitzearen beharra azpimarratu du.

Lapurretei aurrea hartzeko Ertzaintzaren aholkuak

  • Beti itxi etxeko sarrerako atearen sarraila giltzaz (bi buelta eman).
  • Bitxiak eta balioko objektuak ustekabeko lekuetan gordetzea neurri egokia da lapurreta eginez gero galera handirik ez izateko; izan ere, lapurrek denbora gutxi izaten dute eta lehenengo begiratzen dituzten lekuak ohiko gordelekuak izaten dira, armairuetako tiraderak, batez ere.
  • Saiatu sarraila modernoak instalatzen, segurtasun-berme handiagoa ematen dute eta.
  • Sarri aztertu atearen markoa, erlaitzen bat jarri ote duten ikusteko; halakorik hautematen bada, berehala deitu Ertzaintzara.
  • Postontzietako posta eta publizitatea egunero erretiratu, eta etxean norbait dagoela aditzera emango duten gailuak erabili.
  • Konfiantzazko jendearekin hitz egin zure etxera sarri samar bisita egin dezaten eta nola dagoen ikus dezaten.
  • Ez esan jendaurrean, ezta sare sozialetan ere, zein egunetan ez zaren etxean egongo. Ez utzi halako mezurik erantzungailuan.
  • Eraikinera atxikita aldamioak badaude, ondo itxi leihoak eta pertsianak.
  • Ertzaintzara deitu SOS Deiak 112 telefono zenbakiaren bidez atari barruan edo inguruan pertsona susmagarriren bat ikusten baduzu.
  • Lapurreta egiten badizute, ez ukitu ezer, ez jarri gauzak bere lekuan, eta berehala deitu Ertzaintzara (112).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak