'Puntua' aldizkarian aste honetan...

Monika Belastegi Aranzabal 2017ko abe. 19a, 15:08

Amaia Bernal oñatiarra

Hamar urte daramatza Amaia Bernal oñatiarrak korrika egiten. Orain arte “erosotasun” baten barruan ibili dela dio, baina, bere burua gehiago estutzen duenean, konturatu da emaitza onak lor ditzakeela, eta horretan ari da, hain zuzen. Aurtengo denboraldian bost garaipen eskuratu ditu. Puntua aldizkaria harekin izan da.

Bost garaipen aurten.
Hori da. Lehena Berdintxiketan izan zen, lasterketa mistoa Oñatin, martxoan; Igeldoko igoera ekainean –7 kilometro– ; uztailean Añorgakoa –6 kilometro–; eta azaroan Ikaztegietakoa eta Azkoitikoa.

Azkena Azkoitikoa. Espero zenuen irabazterik?
Nire aurkariak izan zitezkeenen zerrendari begiratu nion eta ez nuen inor ezagutzen; ez nekien ze maila egongo zen. Gainera, ez nituen sentsazio onak hasieran, baina pixkanaka hobetzen joan nintzen, eta irabaztea lortu nuen. Bigarrenari 50 segundo atera nizkion. Oso pozik nago garaipenarekin. Ez nuen espero.

Errekor pertsonala egin duzu azken lasterketa horretan.
Hala da. 10.000 metroko distantzian. Ikaztegietako lasterketan inoizko markarik onena egin nuen –39.42– eta Azkoitian marka hori hobetu egin nuen –39.20–.

Esan daiteke denboraldiko sasoi onenean zaudela orain?
Bai. Azkeneko bi lasterketetan oso eroso sentitu naiz. Entrenamenduen emaitzak ateratzen ari direla uste dut. Lehen, erosotasun baten barruan egiten nuen korrika, baina txipa aldatzea erabaki nuen, eta nire buruari apur bat gehiago exijitzea. Behobia ere helburu moduan neukan eta oso gustura gelditu nintzen egin nuenarekin. Beraz, esan daiteke nire momentu onenean nagoela orain, bai.

10.000 metroko proba da zure baldintzetara ondoen egokitzen dena?
Erosoen 10.000 metroko lasterketetan sentitzen naiz. Orain, sasoi onean nagoenez, 6-7 kilometroko lasterketak ere ondo egin ditzaket, eta Behobia ere ondo egin nuen, baina erosoen 10 kilometrokoetan sentitzen naiz. Bestalde, ekainean eta uztailean egin nituen lasterketak motzak izan ziren, eta azkarrago joaten zara lasterketa horietan. Oso azkar ateratzen dira aurkariak, eta hori ere ikasi dut denborarekin, azkar atera eta erritmoa mantentzen.

Zure gizonarekin batera lehiatzen zara. Zenbateraino egiten dizu mesede horrek?
Asko laguntzen dit, bai etxean, baita lasterketetan ere, eta ezinbesteko babesa da niretzat. Batez ere, ekaineko eta uztaileko lasterketa horietan hark estutu egiten ninduen eta neukan guztia eman behar izaten nuen. Helmugara oso nekatuta iristen nintzen, baina gerora mesede handia egin didala uste dut. Hark estutu izan ez banindu, seguruenik, ez nintzen nagoen lekuan egongo. Hala ere, bakarrik lehiatzen badakit. Hark asko laguntzen dit, baina meritua nirea ere badela esango nuke.

Nola uztartzen dituzu amatasuna eta korrika egitea?
Ez da erraza. Egunerokotasunean estres puntutxo batera heltzen naiz, baina ateratzen dugu denbora. Gizona eta biok ere saiatzen gara nor bere aldetik entrenatzen, umearekin biotako bat egoteko beti.

Zer daukazu orain buruan?
Oñatiko San Silvestre lasterketa irabaztea gustatuko litzaidake, nire ilusioetako bat da txantxikua irabaztea. Hala ere, ez da erraza izango. Marisol Ramos oñatiarrak parte hartuko du seguru eta Nere Arregi arrasatearra ere etorriko da agian. Beraz, aurkari gogorrak gainditu beharko ditut, baina orain daukadan puntu eta egoera fisiko on hau aprobetxatzen saiatuko naiz, irabazi eta txantxikua etxera eramateko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak