1960 eta 2014 artean gertatutako 4.113 tortura kasu egiaztatu dituzte

Goiena 2017ko abe. 19a, 13:50
'Puntua' aldizkariaren 70. zenbakiko argazkia (2016-07-15). 'Aitortzarako" pauso bat' izeneko erreportajea

Paco Etxebarria auzitegi medikuak eta haren lantaldeak 3.400 pertsonek jasandako lau milatik gora ebidentzia jarri ditu mahai gainean. Tortura: 1960-2014 ikerketaren behin betiko txostena aurkeztu zuten atzo. Iazko ekain bukaeran aurkeztu zuten behin behinekoa, eta orduan erreportaje zabala eskaini zion Puntua aldizkariak zenbait debagoiendarren testigantzarekin osatuta.

Dokumentuan jasotako datuen arabera, Guardia Zibila eta Espainiako Poliziari egotzi zaizkie tortura gehien, 1.792 lehenari eta 1.785 bigarrenari. Ertzaintzaren aurkako 336 salaketa jaso dituzte dokumentuan.

Euskadin gertatutako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektua (1960-2014) Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren enkarguz egin da. Ikerketa Kriminologiaren Euskal Institutuko Paco Etxebarria medikuntzan doktore eta auzitegi medikuak, Carlos Martín Beristain medikuntzan doktoreak eta Laura Pego zuzenbidean doktorea eta kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzaileak zuzendu dute.

'Puntua'-ko erreportajea

Kriminologiaren Euskal Institutuak 4.000 tortura kasutik gora jaso ditu Tortura: 1960-2014 txostenean. Paco Etxeberria auzi medikuak zuzendutako ikerketaren baitan daude Debagoieneko 162 tortura salaketa eta horietako seiren testigantzak jaso zituen Puntua-k "Aitortzarako" pauso bat izeneko erreportajean. 70eko, 80ko eta 90eko hamarkadetan atxilotu ondorengo inkomunikazio aldian jasandako torturen gaineko kontakizuna egin zuten horiek. ETAko kide izatea edo banda armatuarekin kolaboratzea egotzita egin dituzte guztiek ere egonaldiak kartzelan. Segidan euren bizipenak:

Karmen Irizar, Antzuola: "Senitartekoak ondoko ziegan entzuteak hondoratu ninduen"
 
Karmen Irizar (Antzuola, 1948) 1998ko martxoan atxilotu zuen Guardia Zibilak. “Esnatu, eta irratian entzun nuen Araba komandoa erori zela. Orduan jakin nuen nire bila etorriko zirela. Balkoira atera nintzen eta ikusi nuen paisanoz jantzitako jende mordoa. Guardia Zibilak ziren. Kalera atera nintzen eta plazan bertan atxilotu ninduten”, dio Irizarrek. Kontatzen du une hartan bertan hasi zirela tratu txarrak. Mendi pista batera eraman zuten eta mehatxuka hasi ziren. “Madrilera eraman ninduten berehala. Tortura klase guztiak egin zizkidaten. Flexioak, lau hankatan ibiltzera behartu, poltsa etengabe, eta abar”. Ziegatik atera ere egin zuten hiru bat bider. “Auto batean sartu eta atera egiten ninduten. Mehatxuka aritzen ziren, eta joka”. Dio infernua zela hura, mila aldiz desio izan zuen  hiltzea. Okerrena, Irizarrendako, baina, senitartekoekiko mehatxuak ziren.

Osorik eta tinko mantendu zen Irizar hirugarren “egunera arte-edo”, ondoko ziegatik senarraren ahotsa entzun zuenera arte. “Momenturik gogorrena bezala gogoratzen dut”, dio. “Hori gutxi ez, eta alabaren eztul bat identifikatu nuen segidan”, gaineratu du. Une hartan erabaki zuen dena sinatzea. Auzi medikuarengana eraman zutenean ez zuen ezer salatu, “gero etor zitezkeen torturen beldur”. Espetxera eraman zuten Irizar eta sei urte eta erdi eman zituen barruan; senarra eta alaba libre utzi zituzten fidantzapean. Gerora salatu zituen torturak, baina “ez dute bere bidea egin”. Torturaren gaineko ikerketan grabatu dituzten 900 tortura testigantzetako bat da Irizarrena: “Oso eskertuta gaude. Paco Etxeberria etorri zen etxera. Pozik gaude, horretaz hitz egiten hasi garelako”. 
 
Iker Loiti, Oñati: “Hasierako urteetan edozein zaratak aztoratzen ninduen”
 
20 urte zituela atxilotu zuen lehenengoz Guardia Zibilak Iker Loiti (Oñati, 1971). 1992. urtea zen. Etxera sartu ziren goizeko zortzietan: “Ama lurrera bota, eta nire bila hasi ziren oihuka. Anaia aurkitu zuten lehenengo eta pistola ipini zioten buruan. Bortizki atera ninduten ni eta eskaileretan behera nindoala hasi ziren ostikoak, kolpeak eta irainak. Autoan sartu, eta Eibarko komisariara eraman zuten eta handik Madrilera. Hura infernua zela dio: “Espezializatuagoak ziren. Irainak, galderak, familiartekoekiko mehatxuak, kolpeak buruan, poltsa...”. Kontzientzia galdu arte jarri zioten poltsa, eta ur baldekadekin esnatzen zuten. Deklarazioa lortu arte horrela jarraitu zutela dio Loitik. Eibartik Madrilerako saltoa itzela izan zen. Auzi medikuari esan nion torturak jasaten ari nintzela. Hark apuntatuko zuela erantzun zidan, baina besterik ez. Auzitegi Nazionaletik fidantzapean atera ginen kanpora. Ondorengo urteak txarrak izan ziren. Edozein zaratarekin aztoratzen nintzen.

1995ean Ertzaintzak atxilotu zuen. Atxiloketa oso desberdina izan zela gogoratzen du. “Lasai sartu ziren etxean, eskua gainean ez zidatela ipiniko esan zidaten, eta horrela izan zen”, dio. Psikologikoki, baina, Guardia Zibilarena baino askoz gogorragoa izan zela dio. “Irainak, familiartekoekin argazkiak, mehatxuak...  Lehenengo egunetan tinko mantendu nintzen, baina egunak aurrera joan ahala, ahultzen nindoan. Ez nuen ezer jaten ez edaten, burua nahasten hasi zitzaidan; ziegan etengabeko zarata bat zegoen, eta horrek ere zoratzen ninduen. Laugarren egunean esan nuen deklaratu gura nuela. Epailearen aurrean dena ukatu nuen, torturapean egindako autoinkulpazioa izan zela esan nuen”.
 
Eukene Gracia, Bergara: “Blokeatu egiten nintzen deskargekin”
 
1991ko otsailean atxilotu zuten Eukene Gracia (1954) bergararra. Eibar komandoko kide zen eta Eibarren atxilotu zuen Guardia Zibilak. “Banekien segika nituela eta zebra-bide baten gainera bota zitzaizkidan”, adierazi du. “Autoan sartzearekin batera hasi ziren deskargak ematen. Intxaurrondora eraman ninduten eta han jarraitu zuten deskargekin, mehatxuekin, kolpeekin... Flexioak egitera behartzen ninduten...  Baina, bereziki, deskargak ematen zizkidaten. Kuleroak jaisten zizkidaten eta deskargak ematen zizkidaten”, gaineratu du. Une horretan minik ere ez da sentitzen.  “Blokeatu egiten nintzen deskargak ematen zizkidatenean, baina minik ez dut gogoratzen”, adierazi du. Une baten konortea ere galdu zuela gogoratzen du eta esnatu zenean medikua etorri zela. “Entzun nion esaten ez zezatela deskargekin jarraitu”.

Ez zen hor bukatu; izan ere, autoan sartu, eta Madrilera eraman zuten. Pistola buruan zuela egin zuen bidea eta Madrilen are eta tortura gogorragoak jasan zituela gogoratzen du: “Han hasi ziren poltsarekin. Hori izan zen okerrena. Itolarri sentsazio hori ikaragarria da. Bat ipintzen zidaten eta apurtu egiten nuen; orduan, bi ipintzen zizkidaten... Lau egun eduki ninduten horrela”. Hiltzea desio izan zuen. Haluzinazioak ere izan zituen : “Ez dakit zerbait eman zidatelako izan zen edo egoera hartan nengoelako. Auzitegira eraman nindutenean abokatuak esan zidan auzi medikua eskatzeko, nola nengoen ikusi behar zuela. erredurak nituen, ubeldurak... Hain gaizki nengoen, burua ere erori egiten zitzaidan. Medikuaren aurrean salatu nituen torturak; ez zidan kasurik ere egin”. Kartzelan eman zituen bederatzi urte.

Enrike Letona, Arrasate: “Ez dakit zenbat poltsa apurtu nituen haginekin”
 
16 urte egin ditu espetxean Enrike Letona arrasatearrak. 1987ko urriaren 3an atxilotu zuten jerdarmeek Zuberoan. “Goizeko zortziak aldera etorri ziren etxera eta nik leihotik salto egin nuen. Hanka bihurritu nuen eta hasi nintzen korrika, harrapatu ninduten arte”. Mauleko jendarmeriatik Baionara eraman zuten, eta gauean mugan ipini. “Ehun baino gehiago ginen, Guardia Zibila etorri eta autoan sartu ninduten. Berehala hasi ziren mehatxuka, joka...  Hango komisariatik eraman ninduten Intxaurrondora. Intxaurrondotik La Salvera eta handik Madrilera. Sei egun egon zen inkomunikatuta, “eguna edo gaua zen jakin barik... Batez ere, poltsarena egiten zidaten. Ez dakit zenbat poltsa apurtu nituen haginekin. Ito egiten zara, arnasa ezin hartuta... Azkenean, lortzen nuen poltsa apurtzea eta arnasa apur bat hartzea... Borra elektriko batekin ere ematen zizkidaten ziztadak bizkarrean. Ez nuen ezer jaten ez edaten, egurra eman eta eman ibili ziren sei egunez. Oso zaila da holako egoera bat aguantatzea. Erakunde armatu baten parte hartzea erabakitzen duzunean badakizu zer daukazun, eta, nolabait, onartu ere egiten duzu, baina iristen denean, gogorra da”.

Enrike Letona da Istanbulgo Protokoloaren bidez landu dituzten 202 kasuetako bat. “Testigantza grabatu zuten, eta bi test egin nituen. Nire kasuan, ondorioztatu da torturak gaindituta ditudala”, dio. Baina gaineratu du: “Askotan, ez dakizu zein puntura arte ez dizun eragiten. Bizi guztirako markatzen gaituela esango nuke. Askotan etortzen zait burura espetxea, tortura... Izan ere, inkomunikazio aldian bakarrik ez, espetxean ere torturatu gaituzte gu. Oso tratu txarra jaso izan dugu”. 
 
Kepa Urra, Arrasate: “Pistola ipintzen zidaten ahoan behin eta berriz”
 
22 urte preso eman ondoren, 2014an aske utzi zuten Kepa Urra (1956) arrasatearra. Bere kasua berezia da, auzitegiek torturatzaileak zigortzeko emandako 21 sententzietako bat delako berea. Bizkaiko Auzitegiak hiru guardia zibil kondenatu zituen Urrari egindako torturengatik. 1999an, indultatu egin zituzten. 1992an atxilotu zuten Urra Basaurin. “Militantea nintzen eta banekien harrapatuz gero zer zegoen. Goizaldean etorri ziren. Etxetik atera ninduten eta mendira eraman”, dio. Autoan hasi ziren barrabiletatik heldu eta tratu txarrak ematen eta mendian biluztu eta kolpeka hasi zitzaizkiola gogoratzen du. “Buruan eta toki guztietan jotzen ninduten. Jo eta jo eta jo”. Une hartan kolpeak sentitu ere ez zituen egiten, kontzientzia ere galdu zuen une baten. “Pistola ere ipintzen zidaten ahoan behin eta berriz, mehatxuak... Arrastaka eramaten ninduten eskuburdinetatik helduta...”. Handik La Salveko kuartelera eraman zuten eta han “poltsa” egiten zioten behin eta berriz. Ahoa zabalik, arnasestuka, “begiak zabaldu ere ezin nituen egin, baina dena entzuten nuen”.

Auzi medikuak ikusi ninduen eta esan zien ospitalera eramaten ez baninduten bertan hilko nintzela”. Basurtoko ospitalera eraman zuten eta ZIUn eduki zuten. Han medikuek egindako txostenek balio izan zuten bere tortura salaketa aurrera eramateko. Bost egunera eten zuten inkomunikazioa eta espetxera eraman zuten, Puerto II-ra. “Espetxean ere torturatu naute ni. Bakartuta egon izan naiz hainbatetan, hango giroa ikaragarria zen. Isolamenduan geundenean, jana ere ateko zulo batetik pasatzen ziguten. Biolentzia maila handia zegoen, sekulako abusuak egiten zizkiguten”, dio.

Gotzon Osinaga: “Mehatxuak jasan izan ditut atxilotu ondoren ere”
 
1975ean atxilotu zuten lehenengoz, Franco bizi zela. Martuteneko espetxean egon zen urtebetez eta beste urtebetez Carabanchelen. 1977ko amnistiarekin utzi zuten aske. “Guardia Zibilak atxilotu ninduen eta torturatu egin ninduten; niretzat, baina, gogorrena, 1980an atxilotu nindutenean egin zidatena izan zen”, dio. Espainiako Poliziak etxean atxilotu zuen Osinaga urte hartako martxoaren 1ean.  “Nik ordurako ez nuen zerikusirik ETArekin, garbi nengoen, baina poliziak ez ninduen inoiz bakean utzi”. Bi atxiloketen artean mehatxatu egiten zutela ere gogoratzen du Osinagak, etxera deitzen ziotela, etxera ere joaten zirela... Oñatin 1980an ETAk hil zuen Angel Astuy udaltzainaren heriotzaren atzean Osinaga zegoela uste zuen poliziak. Atxilotu eta mendira eraman zuten. “Jo eta jo” hasi ziren. Estutasunez kontatzen du Osinagak nola ihes egiteko esan zioten. “Ni geldi geldi gelditu nintzen eta batak besteari ni hiltzeko esaten zion”. Bi bider tirokatu zuten eta “bietan huts”.

Amarako komandantziara eraman zuten eta han denetik egin ziotela dio. “Barrarekin zintzilikatu ninduten, sekulako kolpeak ematen zizkidaten oinetan, poltsa ipintzen zidaten buruan. Aitortu arte han edukiko nindutela esaten zidaten, eta nik ez neukan ezer esateko, ez nuelako deliturik egin, ez neukan Astuyren heriotzarekin zerikusirik”.  Horrela jarraitu zuten astebetez. “Une baten hilko nintzela ere pentsatu nuen”. Askatu zutenean ez zuen ezer esan, mehatxuak tarteko. Baina ez zen hor bukatu dena. Telefono deiak jasotzen jarraitu zuen denbora batez, mehatxuak jasotzen. “Gaur egun ere kosta egiten zait etxeko telefonoa hartzea”, dio. Publikoki orain dela oso gutxi kontatu du bere testigantza. Oraindik ere gogorra egiten zaio hitz egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak